Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
4:16 pm,
temperature icon 9°C
Humidity 88 %
Ráfagas de viento: 34 Km/h

Geografia Bunkerra

IZaro

Izaro Andres

“Alguien que sepa frenar enero”, dator abesten Vanesa Martín azken asteetan, “alguien que sepa que viene fuerte”. Gabonen digestioan oraindik, iraun nahi duen betekadaz. Azkenaldian, gero eta jende gehiagok gorroto dituen arren, nik gustuko ditudan Gabon horien digestioan. Nostalgia puntu batez, begi distiratsuekin, korridoreko bazter ilunenetik (kasualitatea) begiratu dut gaur gure egongelako zuhaitzaren hil kutxa. Asko jota bihar aterako dute gorpua, argiek jada ez dutelako zentzurik, ezta bolatxoek ere… Ikaragarria da nola atzo bazuten zentzua eta gaur, gaur jada ez. Mahai-oihal gorriak zuhaitz txiki zuriekin ere hobeto ez. Ea denbora luzeegiz mantentzen dugun arrazoirik gabeko jatortasuna! A ze txorakeria, arrazoirik gabe jator, pozik… Bukatu dira Gabonak eta badirudi jada hotzak ere ez duela xarmarik. Hara.

Ikasleok azterketen arabera ulertzen dugu urtarrila. Gorriz markatutako bost egun izaten ditu, oro har –batzuentzat zazpi, beste batzuentzat hiru, tira, zorte handia dutenentzat bat−. Azterketa egunak azterketa egun eta beste guztiak egun horien morroi. Eguazten, martitzen, bariku izan daiteke urtarril bat. Bariku, bariku, bariku beste bat. Herrialdea edo aurrera ateratzeko urtarrilak, akaso, nork jakin.

Bitartean, Kalashnikov-ak eskuan sartu omen dira CharlieHebdo astekariaren egoitzan. “Alahu al akbar” (Jainkoa handia da) esaldiak justifikatu omen ditu 12 heriotzak. Begiak liburuetan kateatuak dituzten ikasleetako batek edo altxatu omen du begirada segundo pare batez, armen zaparradaren oihartzun ahularen inertziaz, apika. Baina berehala ekin dio zirikan zebilkion hirugarren mailako integralari.

Yemenen atentatu terrorista batek 31 hildako eta 23 zauritu, gutxienez, utzi dituela kontatu dit haizeak. Zorte txarra biktimena, ez dira amerikarrak eta Euskal Herriko ikasleei ez dizkie inork liburuak itxiko hara, Ekialde Hurbilera, begira dezaten minutu batez. Europarrak balira behintzat…

Tailandiako Urak Lawoi tribua ere kexu da, turismorako estrukturak eraikitzeko kendu dizkietelako KohLipe paradisu basatiko lurrak. Ez omen dakite nora jo… Begiratu dute honantz ea norbaitek liburuetatik bururik altxatu duen, baina ez, eta garabiei begira gelditu dira.

Irten zen atzo kalkulua:50.000 pertsona daude oraindik desagertuta Sirian. Orain bai, ikasleak? Buruak gora? Badirudi ezetz, deklinabideren bat gurutzatu zaio bakarren bati, baina oraindik ez.

Jarrai dezagun liburuei begira, herrialdea edo aurrera ateratzeko, akaso. Floridak ezkontza homosexualari ateak ireki dizkio gaur. Norbaitek txioka dezala, arren.

* Izaro Andres (Mallabia, 1993) Komunikazioko ikaslea da

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu