Euskara gara

JON ARTABE
· Amorebieta-Etxanoko Udalean EAJko zinegotzia da
Korrika igaro da. Euskararen jaiak jendez bete ditu gure herrietako ibilbide, errepide eta kaleak. Atarratzetik hasita, Bilbon bukatu da euskaltzaleen jai koloretsua. Euskararen bultzada handia behar duten bi herrien arteko tartea hurbilduz, eta bertoko euskaltzaleen gogoak indartuz. Euskaldun eta hain euskaldun ez diren tokien arteko elkarrizketa erraztuz, euskaldun eta euskaltzaleen ahalegin nekaezinarekin, odola balitz moduan, euskararen taupada gure Herrian zehar bizkortuz. Ezkerraldetik Durangaldera, Tolosaldetik Arabako lautadara, Erriberatik Iparraldera. Euskararen bitartez, gure herrialdeak bat eginik euskararen zabalkundean.
Baina herrien arteko hurbilketa arrakastatsu honek, ez du euskaltzaleen arteko hurbiltasunean islarik izan une batzuetan. Elkarte batzuen bazterketarekin hasi ziren lehenengo arazoak, eta gero Korrikaren erabilera politikoarekin sortutako iskanbilak jarraitu zuen ekimenaren jai giroa ilunduz. Herriren baten, elkarteen arteko iskanbilak protagonismoaren bila sortu ziren, bertan egin nahi ziren Korrikaren aldeko ekimenak zapuzteraino. Eta amaitzeko, azken ekimen bat, euskararen eta gazteen lotunea azpimarratzen zuena, baina bertan, herri honetako aniztasuna baztertu egiten zuena, politizazioaren menpean jarriz euskararen etorkizuna.
Denbora beharko da zer gertatu den hobeto hausnartzeko. Baina gauza bat segurua da Korrika honen inguruan. Korrikaren helburua benetan bada Euskal Herri guztian euskararen indarra berpiztea, herritarren euskararekiko distantzia euskaltzaleen pausoekin hurbilduz, ezinbestekoa da herri honetako biztanleriaren bihotzetan ere euskararekiko distantzia hori gutxitzea. Bai euskaldun peto, euskaldun berri, edota euskaltzaleen artean; baina baita eradaldun, atzerritar edota euskaratik urrun dauden pertsonetara helduz. Eta horretarako, herri honek duen aniztasuna onartu beharko litzateke, izaera politikoaren inguruan bereziki. Jarrera politiko batek euskara bere esparrua balitzan hartuz gero, bere jabego esklusibo gisa agertuz, jai daukagu euskara herritar guztiengana zabaltzeko asmoan.
Arazo hau elkarte eta erakundeetara ere zabaldu izan da, batzuek besteen gainetik jarriz, eta elkarren artean mokoka ibiliz protagonismo hutsaren bila. Euskara politizatu batek, ezingo du euskaldun guztien bihotzetara heldu; euskara tresna politiko bihurturik ezin izango baititu euskaldunen bihotzak hurbildu, baizik eta, euskaldun desberdinen arteko tartea gehitu, eta euskaldunak ez direnen arteko zubiak suntsitu. Kontraesan handian jausten gara, instituzioei laguntza eskatu, eta laguntza hori joku politikorako eta protagonismoa lortzeko erabiliz. Euskara gara, bai, baina aditzak erakusten duenez, gu denok gara Euskara. Gu, gure izaera eta iritzi politiko desberdinekin, gure erakunde, elkarte eta instituzio desberdinekin. Euskara benetan guztiona izatea nahi badugu, argi izan behar dugu, erronka nagusiena euskara erabiltzen ez dutenekin dugula. Eta guk euskara beraiei zabaltzen ez badiegu, jai izango dugu. Akordioak eta lankidetza eskatzen dizkiegu instituzio eta erakundeei euskararen inguruan, baina gero borroka politikorako erabiltzen ditugu ekimen hauek. Horrela ezin izango dugu euskararen aldeko lasterketa hau irabazi. Euskara bagara, denok izan behar gara. Inor kanpoan utzi barik. Hortan baitago euskararen etorkizuna.







