Astelehena,
2026ko Apirilak27

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Euskaltzale Independentiston Topaketaren ekitaldeko irakurketa

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

Azken urteotan bizi dugun olatu erreakzionarioaren aurrean, azpimarratzekoa da Euskal Herriko herri mugimenduak egiten ari den lana. Testuinguru horretan kokatzen da Euskal Herrian Euskaraz, eta bereziki aipatzekoa da azkenaldian egiten ari den ekarpena. Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, besteak beste, abenduaren 3an, 6an eta 27an euskararen alde mobilizatu zineten guztioi; urtarrilaren 31n gure kideen epaiketaren harira elkartasuna adierazi eta errepresioaren aurka agertu zinetenei; eta otsailaren 5ean epaiketara babesa ematera bertaratu zinetenei. Finean, eskerrik asko egunerokoan Euskal Herri euskaldunaren alde borrokan ari zareten militante eta euskaltzale guztioi.

Borrokak, ordea, ez du etenik. Mundu nahasi honen erdian, gure ekarpena egin eta elkarrekin hausnartu, pentsatu eta gozatzeko aukera eskaintzen duen elkargunea sortzen eta elikatzen ari gara Euskaltzale Independentiston bigarren Topaketan. Izan ere, euskararen eta Euskal Herri askearen aldeko borrokak ez du soilik gure herria indartzen; harago doa, mundu anitzago baten eta askapen borroken aldeko ekarpena eginez. Zapaltzen gaituen sistema globalak erro ugari baditu ere, gure existentzia bera da hura arrakalatzeko biderik eraginkorrena.

Euskal Herrian bertan ere egoera ez da lasaia. Euskararen auziari dagokionez, testuinguru larri bezain interesgarrian gaude, eta, batzuei gustatu ez arren, euskararen aldeko borroka berpizten eta indartzen ari da. Aste honetan bertan, “Baxoa euskaraz!” aldarria entzun da Baionan eta Donapaleun, eta Iruñean agerraldi jendetsua egin da Nafarroako Gobernuaren erabakien aurka. Bada zer salatu, baina, batez ere, bada nork salatu; eta hori euskaltzaleon garaipenetako bat da.

Isilik eta lotsati nahi gaituzte, aztoramendurik gabe. Ez soilik Espainiako eta Frantziako estatuek; Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean ere epelkeria sumatzen dugu. Adibide gisa, Korrikaren eta Comisiones Obreras sindikatuaren arteko aferan, Eusko Alderdi Jeltzaleak adierazi du “euskara liskar politikotik atera behar” dela. Gure ustez, ordea, euskararen aldeko borroka borroka politikoa da, eta politika ausartak behar ditu. Horrek eztabaidak eta talkak sortuko ditu, eta horiek kudeatzea dagokie arduradun politikoei, benetan euskararen alde badaude.

Comisiones Obreras sindikatuak berak, duela aste batzuk, mehatxu gutuna bidali zion EHEri. “Euskararen etsai” gisa seinalatzeak mindu dituela diote. Hala ere, ikerketa independenteek erakutsi dute sindikatu horren inguruan euskararen aurkako kanpaina antolatu dela, eta ezker espainolistako eragileak ere tartean daudela. Horrek agerian uzten du euskararen aurkako oldarraldia ez dela soilik eskuinetik datorrena.

Frantziako Estatua eta bertako instituzioak ere ez dira atzean geratzen: euskaraz ikasteko, aztertzeko edota epaitegietan aritzeko eskubideak ukatzen dituzte, eta hizkuntza politikak garatzeko baliabideak murrizten dituzte. Argia da estatuen benetako jarrera: ez gaude larrialdian kasualitatez. Bi estatu horiek badakite hizkuntzak egiten gaituela herri, eta hizkuntzarik gabe ez dagoela herririk.

Testuinguru honetan, ezinbestekoa da euskarari Euskal Herri osoan ofizialtasuna aitortzea, nahiz eta jakin horrek bakarrik ez duela biziraupena bermatuko. Euskara lehentasunezko hizkuntza izan behar da bizitzako arlo guztietan. Norabide horretan, azken hilabeteetan ofizialtasunaren aldeko nazio mailako lantaldea aktibatu dugu, diskurtsoak landu eta proposamenak garatzeko.

Era berean, intersekzionalitatearen alde egindako lanak zenbaiten artean sortu duen ezinegona aipatu nahi dugu. Bide berriak irekitzen ari gara, eta deia egiten diegu Euskal Herriko eragile guztiei dinamika horretara bat egiteko. Borrokak elkar lotuz soilik egin ahal izango diogu aurre etsaiari. Helburua argia da: zapalkuntzarik gabeko Euskararen Errepublika eraikitzea.

Horregatik, larrialditik pizkundera igarotzeko unea dela aldarrikatzen dugu. 60ko hamarkadan bezala, gaur ere olatu berri bat sortu behar dugu. Norabide horretan, abenduaren 27an Bilbon bildutako euskaltzaleen ildotik, dei egiten dugu ekainaren 13an Iruñean mobilizatzera: Euskaltzaleon Martxan, Euskal Herri euskaldunaren alde.

Amaitzeko, argi adierazi nahi dugu euskararen biziraupenerako estatu propio baten beharra. Frantziar eta espainiar estatuen menpe ez da posible Euskal Herri euskalduna eraikitzea. Horregatik, desobedientzia, borroka eta alternatiba eraikuntza dira gure bidea, euskara tresna nagusitzat hartuta.

Dei berezia luzatzen diegu euskaltzale eta independentista guztiei, bereziki gazteei, gurekin antolatu eta borrokara batu daitezen. Euskararen aldeko borroka askapen borroka da, eta etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa.

Euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarrai dezagun herri hau.
Antolatu Euskal Herrian Euskarazen!
Gora Euskararen Errepublika!
Gora Euskal Herri euskalduna!

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu