Euskal Langileen Ezkerra (ELE) alderdi politiko berriaren sorrerak hausnarketa egitera bultzatu nau

ITZIAR LARRINAGA
Euskal Langileen Ezkerra (ELE) alderdi politiko berriaren sorrerak hausnarketa egitera bultzatu nau.
Zer Euskal Herri eraiki nahi dugu?
Gure identitatearen defentsa muga bihurtzen denean.
Haien adierazpenen arabera, alderdia «immigrazio masiboa» geldiarazteko asmoz sortu da, haren ordezkarien ustez, euskal identitatea, euskara eta Euskal Herria suntsitzeko mehatxua baita.
Eta hor sortzen zait lehenengo galdera: noiztik da herri batean bizi garenon aniztasuna bertako identitatearentzako mehatxua?
Euskara, gure kultura eta Euskal Herriaren burujabetza defendatzea zilegi ez ezik, beharrezkoa ere bada. Baina defentsa hori migratzaileak arrisku gisa aurkezteko erabiltzea kontraesan sakona eta guztiz arrazista iruditzen zait.
Kulturak ez dira museoetako piezak. Bizirik daude, eraldatu egiten dira eta haien parte diren pertsonekin aberasten dira.
Euskarak ez du etsairik behar. Hiztunak, baliabideak, hizkuntza-politika ausartak eta pertsona guztiek euskara ikasteko, erabiltzeko eta bere sentitzeko benetako aukerak behar ditu.
Senegaldar jatorriko neska euskaldun bat ez da gure identitatearentzako mehatxua. Gure identitatearen parte da. Gaurko eta biharko Euskal Herria eraikitzen ari da.
ELEk dio ez dela arrazista. Baina antiarrazismoa ez da norberak bere buruaz egiten duen definizio bat. Proposamen politikoetan, eskubideak ulertzeko moduan eta historikoki baztertuak izan diren pertsonei ematen zaien tratuan erakusten da.
Udalerri bakoitzak zenbat migratzaile behar dituen erabakitzea proposatzen dute. Zertarako behar ditu onartuko dituenak, ekonomiari eusteko? Beste batzuek egin nahi ez dituzten lanak egiteko?
Pertsonen duintasuna ezin da haien erabilgarritasun ekonomikoaren arabera neurtu. Gizakiak gara, lan egiteko baino gehiago balio dugu.
Kezkagarria da, immigrazioa etxebizitza faltarekin, soldata baxuekin, zerbitzu publikoen narriadurarekin eta segurtasun faltarekin lotzea.
Migratzaileak al dira etxebizitza-politikak diseinatzen dituztenak? Haiek erabakitzen al dituzte soldatak, lan-baldintzak eta aurrekontu publikoak?
Gizartea eraldatu nahi duen ezker batek desberdintasunak sortzen dituzten botere-egiturak jarri beharko lituzke jomugan, ez haien ondorioak pairatzen dituzten pertsonak.
Langile klasea jatorriaren arabera zatitzeak ez du klase elkartasuna indartzen, ahuldu baizik. Langile migratzaileak ere Euskal Herriko langile-klasearen parte dira.
Begirada dekolonial batetik, gainera, ezin dugu migrazioaz hitz egin historiaz hitz egin gabe. Kolonialismoak, baliabideen ustiapenak eta harreman ekonomiko desorekatuek munduko desberdintasunak sortzen eta iraunarazten lagundu dute, eta jarraitzen dute.
Errazegia da «kontrolik gabeko immigrazioaz» hitz egitea, pertsona horiek beren etxeak, familiak eta bizi-proiektuak uztera bultzatzen dituzten baldintzak aztertu gabe.
Hezkuntzari dagokionez, galdera ez litzateke izan behar zenbat ikasle migratzaile iristen diren gure eskoletara, baizik eta zer baliabide behar ditugun ikasle guztiei euskara irakasteko eta herri honen parte sentitzeko aukera bermatzeko.
Aniztasuna ez da berez hezkuntza-arazoa. Aniztasunari erantzuteko baliabide eta politika egokirik eza izan daiteke arazoa.
Bestalde, «euskal bikoteen» jaiotza-tasa sustatzeaz hitz egiten dutenean, ezinbestean beste galdera bat sortzen zait: zer ulertzen dute euskal bikotetzat? Nork eta zeren arabera erabakitzen du nor den euskal herritarra?
Euskal identitatea ez litzateke gure abizenen jatorriaren, azalaren kolorearen edo gure gurasoen jaioterriaren arabera neurtu behar.
Euskal Herrian ondo dakigu zer den hizkuntza bat jazarria izatea, identitate bat ukatua izatea eta herri baten aitortzaren alde borrokatu behar izatea.
Hain zuzen ere, horregatik, gure memoria kolektiboak beste bazterkeria batzuk identifikatzen lagundu beharko liguke, ez horiek erreproduzitzen.
Euskal Herriaren burujabetza defendatzea eta antiarrazista izatea ez dira aldarrikapen kontrajarriak. Euskara defenda dezakegu inori bere sustraiei uko egiteko eskatu gabe. Justizia soziala aldarrika dezakegu hemen jaiotakoak eta geroago iritsitakoak elkarren aurka jarri gabe.
Horregatik, alderdi politiko baten sigletatik haratago, geure buruari galdetu beharko genioke:
Zer Euskal Herri eraiki nahi dugu? Bere identitatea galtzeko beldurrez bizi dena, ala identitate hori partekatzeko adinako konfiantza duena?
Nik neuk Euskal Herri euskalduna, askea, burujabea, sozialki bidezkoa, anitza eta errotik antiarrazista nahi dut.
Ezin dugu herri baten askatasuna aldarrikatu, aldi berean herri horren parte izatea nork merezi duen erabakitzeko muga berriak eraikitzen ari bagara.
Euskal Herria ez da hona iristen direnak seinalatuz defendatzen. Hemen bizi garen guztiok herri honen parte izateko aukera bermatuz eraikitzen da.






