Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
4:31 am,
temperature icon 18°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Euskal berrikuntza sistemari ekarpena Durangaldetik

urko

Urko Lopez

Artikulua pertsona hauek sinatzen dute:

Onintze Oleaga Solaguren, Bizkaiko Batzar Nagusietarako EH Bilduko hautagaia.

Urko Lopez Odriozola, Bizkaiko Batzar Nagusietarako EH Bilduko hautagaia.

Aitor Lopez Vazquez, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Presidentea eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako EH Bilduko hautagaia.

Mikel Urrutia Galan, Abadiñoko EH Bilduko alkategaia.

 

 

Aspalditik daramagu entzuten euskal sare sozial eta produktiboak anbiziodun proiektuak behar dituela, balio erantsi altudunak eta goi mailako eta kalitatezko enplegua sortzen duten horietakoak. Diskurtsoak erraza dirudi, baina egitasmo hauek aurrera eramatea ez da batere erreza. Zentzu honetan ezinbestekoa da tankera desberdinetako hausnarketak egitea (baliabiderik al dugu? Zer nahi dugu orain? Zer moduko eskualdea eta lurraldea nahi ditugu urte batzuk barru?).

EH Bildu ez da pentsamolde hauekiko arrotza. Entzunak entzun, gure bide-orria dugu gai hauei dagokienez ere, eta agian gaiz etengabe aldatzen digutenak dira bide-orri argirik ez daukatenak. Zein da gure ekarpena Durangaldean eta Abadiñon?

Zientzia Parkea eta honen inguruko Zerbitzu eta Prestakuntza Eremua da EH Bilduk egiten duen ekarpena. Goitik beherako polo zientifiko bat, kalitatezko enplegua sortu eta trebatzen duena, prekarietatetik ihes egin dezakeen enplegu-mota, bai enplegu profilari zein lan  baldintzei dagokienez. Eta bai, prekarietate hitza aipatu behar dugu eta irakurleari hausnarketa bat eskatzen diogu: zeintzuk dira lanpostu prekarioenak? Goi mailako teknologia eta jardueretan oinarritzen direnak ala aspalditik ezagunak ditugun lanpostu tradizionalak?

Honi gauza bat gehitu behar diogu: ezin gara beti duela 40 urte egiten genituen gauza berdinak egiten aritu, orduko industria eta gizarte beharrizanak aldatu dira, edota hauek jada munduko beste herrialde batzuetan egiten dira eta kostuen bidez lehiatik kanpo uzten gaituzte, errez gainera. Euskal ekonomiak, birrespezializazio bat behar du, eta berau pixkanaka egin behar den eraldaketa den arren, egiten hasi beharra dugu. Bereziki Durangaldean, dibertsifikazio gutxi daukan eta arlo metalurgikoan eta automobilgintzan espezializatua dagoen industria da eskualdearen egitura produktiboaren oinarria.

Gure proposamenaren alternatiba gisa azalera handiko merkataritza-guneak ditugu, eta alternatiba gisa diogu ez dagoelako bientzako tokirik. Zientzia parkeak azalera handia beharko du, bertan kokatutako ikerketa zentro eta enpresek tokia behar dutelako bere jarduerak behar bezala garatu ahal izateko. Espazio handia eta ondo antolatua behar dute. Honela gertatzen da Europako beste herrialde batzuetan. Bi adibide argi: Munichen dagoen Zentrum Digitalisierung.Bayern, non bere barnean besteak beste Bayeren etorkizuneko energia sektoreko enpresa berriak bultzatzeko zentro bat dagoen; Metal arloko azterketa zentro baten ondoan kokatzen dena, eta formazio zentroen ondoan kokatua dagoen; eta bigarrena Kiel hiri alemaniarreko Wissenschaftpark Kiel, kualifikazio handiko lana, lehiakortasuna, formazioa eta bizi kalitate ona uztartzeko sortutako gunea.

Hau da, lurralde antolamendua definitzerakoan espazioak sektore kontrajarrien artean konpartitzea baino, gehigarriak izan daitezkeen sektoreentzako lurralde antolamendu  estrategikoa defendatu behar dugu.

Beraz, ala bata, ala bestea.

Honekin batera, nola litzateke posible EH Bildu moduan azalera handiko merkataritza gune bat bultzatzea? Aukera hori baztertzen dugu. Alde batetik, Durangaldean merkataritza-zentro handi asko daude, larregi gure ustetan, eta gainera elkarrengandik oso kilometro gutxira! EAEko biztanleko merkatal gune gehien dituen eskualdea da, EAEko batez bestekoa baino %150 m2 gehiago okupatzen dituzte merkatal zentroek 1000 biztanleko (EAEko batez bestekoa 170 m2/1000 biztanleko eta Durangaldekoa 300m2/1000 biztanleko). Bestetik, tokiko merkataritzari kalte argia egin diote eta ikerketa asko daude honakoa babesten dutenak. Eta azkenik, prekarietate eta gabezia handiak erakutsi dituen sektore baten aurrean gaude, kontsumoaren eta kontsumismoaren gorabeheren menpe dagoen sektore batek sortzen dituen horiek.

Are gehiago, merkatal zentroena bertako ekoizleak eta bertako bizilagunen esentzia  kontutan hartzen ez dituen sektore bat da. Eta guk EH Bildu gisa eskualdean elikadura burujabetza, bertako produktuak ekoiztuko dituzten langileak bultzatzeko estrategia bat martxan jarri dugu. Durangaldearen etorkizuna bertan eta bertokoekin idatzi nahi dugulako.

Beraz, bietatik bat aukeratu behar da: zientzia-parkearena, zeina gure ustez gaurko inbertsioa den biharko ogia izateko, ala merkataritza-zentroarena, gaurko ogia dena baina biharko gosea.

EH Bilduk proposamen zehatza, berriztatzailea eta etorkizunekoa egiten du lursail honetarako. Bi atal nagusi izango dituen Zientzia Parkea:

  1. Zientzia Parkea bera eta Prestakuntza Eremua: Balore erantsi handia duten sektoreek lekua izango duten eremua. Durangaldeko ekoizpen sektoreak dibertsifikatzea ekarriko duen inbertsioa. Ezaugarri hauetako zentro batek aukera ematen du baita ere Hezkuntza Sailarekin eta inguruko hezkuntza zentroekin hitzarmenak egiteko.
  2. Energia berriztagarri eta ingurumenaren Kontrol Sarea: automozio enpresek Zornotzan AIC duten moduan, enpresa energetikoek hori izango lukete Abadiñon energiarako; eta eurak ere inguruan kokatuko lirateke. Bestetik, honen osagarria den eta Durangaldean hain beharrezkoa den Ingurumen Kontrol eta hobekuntzarako apustu bat ere bada proposamen hau.
  3. Enpresen hazitegi bat: sektore honen inguruko enpresa berriak sortzeko. Sektore honen inguruan zerbitzu aurreratuak eskainiko dituzten enpresak behar dira halabeharrez; Zeintzuk dira hauek? Ingeniaritzak, aholkularitza energetikorako enpresak, ikerketa zentro gehiago, eta beste tankera batzuetako zerbitzu teknikoak; enpresa mota hauek ez diote zientzia parkeko enpresa edo erakundeei bakarrik laguntzen, baita “Industria 4.0” delakoaren inguruan hornitzaileak behar dituzten enpresei, ezagutza hornitzaileak, zuzenak izateko. Europatik garatzea eskatzen diren horietakoak. Europatik ez dizkigute supermerkatuak eskatzen lehiakortasuna irabazteko, baizik eta sektore aurreratuetan apustuak egitea.
  4. Energiari lotutako trebakuntza espezializatua. Kalitatezko sektore aurreratuek kualifikazio altudun langileak behar dituzte, eta honetarako ezinbestekoa da herrian eta eskualdean eskari horri erantzuna emango dioten hezkuntza-zentroak izatea, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Eskualdeko hezkuntza zentroak eta euskal unibertsitateek bere tokia izan beharko lukete, bai barruan zein barruko erakundeekin sinatu beharreko hitzarmenekin.

Orain, Durangaldeari, eta bereziki, Abadiñoko herriari zera galdetzen diogu, ze herri mota nahi dugu ondorengo belaunaldirako? Gure aldetik argi daukagu, etorkizuneko Durangaldea hizki larriz idatzi nahi dugu.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu