Asteartea,
2024ko Abenduak10

MugaKultura

loader-image
Durango
9:25 pm,
temperature icon 6°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 5 Km/h

Ermitaz ermita magiarekin zita

IBON MURUA

 

Martxoaren 16an, 37 pertsona alkartu gara Bizkaiko eleiz zaharrenetako bat izan daitekeen Tabirako San Pedroren elizpean Durangaldetik bueltatxo bat emoteko asmoz.

Ibilbideari “Hirugarren hilarria” forma hartu dauan Nestor Basterretxearekin talde argazkia atara ondoren ekin deutsagu. Eskultura hau dogu, hain zuzen ere, Vicente Larrearen “Abstraccion” izenekoarekin batera, 1991 urteko “Durangoko aire zabaleko eskultura museoa” izeneko proiektutik aurrera atera ziren obra bakarrak: 1993 urtean bata, Tabirako elizaren parean eta urtebete beranduago bigarrena, Arte eta Historia Museoaren lorategian.

Eta bagoaz Tabirako etorbidean aurrera, eta bertan egiten dogu topo, futbol zelaiaren parean, beste “eskultura” batekin: Aranekoa burdinola. Eraikinak zutik dirau era miragarri batean, eta are miragarriago dena, barrutik, nahiz eta guztiz hustuta egon, “garbi” mantentzen da.

Bere ostean dagoen andapara erraldoia ere ez jaku oharkabean pasatu, ezta bere garaian Patricio Echeverría enpresariari ere: Aranekoa izan eban “inspirazio iturri” Legazpiko Mirandaola famatua berreraikitzerako orduan.

Eta aurrera jarraitzen dogu, Mañaria erreka lagun, Izurtza eta Mañarian barrena. Eta bidean aurkitu dogu Santo Tomas ermitatxoa, atzean dauan txatartegitik ozta-ozta salbu geratu dana. Eta Izurtzako lurretan dago baita ere Lejartza auzoa non, ondo fijatzen bagara, beste ola baten aurriak begiztatu ahal doguzan: Etxaburutarren olarenak.

 

Eta Mañarian gagoz jada, eta Kurutze Santu edo Antonio Deunen ermita Santutxuak (Humilladero) zaintzen dau herrigunerako sarrera. Bere garaian eliz-ataria ere izan eban mota honeetako ermitetan otoitz egiten zan herrigunera “garbi” sartu ahal izateko.

Eta herrigunean gagoz jada eta Vicente Larrea agertzen jaku beste behin eguneko ibilbidera, kasu honetan herriko plazan, “Kirikiño” (1966) eskulturaren forma hartuz.

Eta zeharkatu dogu herrigunea eta magiaz beteriko ingurunean sartu gara Urkuletara bidean. Errose Bustintza, Kirikiñoren lobak, bide emon deusku “Ipuinez ipuin Mañarian gora” abiatzeko.

Baina hara non, leku magiko bakoitzeko ermita bat agertu jakun ingurua “garbitzeko” asmoz. Horrela ulertu dogu Zallobenta inguruan, lamien bizitoki eta aisia gune dan honetan San Lorentzo agertu danean, edota San Martín zelaian, jentillen koba eta bolatokitik gertu dagoen lekuan San Martín (bide batez, forjarien zaindari ere badana) agertzean. Tartean zubi lanak eginez Garaitorre parean, San Juan, izkutuan gordea baina pulpitudun ermita izateaz oso harro egon daitekeena.

Lasai egin dogu Urkuletatik San Martín zelaira arteko igoera, garai batean Arranatx eta Mugarra tontorrek eukiten ebezen liskarren arrastorik barik: bertako artzainek erabaki ebenetik bakoitzaren magalean artzai kopuru bera egongo zala, bakea da nagusi inguru hareetan.

Eta San Martín zelaitik Elosuko lepora goaz, eta Elosuko lepotik Atxartera bajatzen gara, beste leku magiko bat eta noski, dagokion ermita “garbitzailea” bertan daukala: Kristoandako, lamina eta sorginen kobaren aurrean hain justu.

Beharbada arrazoi hori dala medio ez doguz jentillak ikusi “anka bata ipini Unzillaizen eta bestie Astxikixen, makurtu, da ure eratebiela Atxarteko errekan”. Ordea, errota eder baten aurriak eta baita harrobia izandakoarenak ere, bertan jarraitzen dabe.

Eta astiro-astiro gorantz goaz berriro, Mendiola eta Larringan zeharkatuz. Eta Larringanen dogu eguneko azken bitxikeria: erreka bide ugaridun eskualdean haize-errota, XVIII. mendearen amaieran eraikia Bizkaian egondako sikate gogorraren ondorioz, ur-errotak erabilezin bihurtu ondoren. Zorionez, ura bueltatu zan eta haize-errota ez zan martxan jarri behar izan.

Eta Larringan itzita bagoaz Izurtzako Etxano auzora, eta bertatik Durangoko Artabillara, Tabira auzoan zirkulua itxi aurretik.

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu