Larunbata,
2024ko Abenduak28

MugaKultura

loader-image
Durango
12:16 am,
temperature icon 9°C
Humidity 95 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Erabakitzeko eskubideaz ‘Kantxatik’

Gorka

Gorka Cámara Hierro

…eta, hurrengo hauteskundeetan gizonok ez bagenu bozkatzeko eskubiderik izango?

Seguruenik debate interesgarria sortuko lukeen premisa hau pentsaezina gerta dakizuke. Emakumeei ordea, estatuan, orain dela 84 urte onartu zitzaien eskubide hau lehenengoz, eta urte horietako egoera politikoa dela medio, 40 urte inguru besterik ez dute izan eskubidea hori gauzatzeko. Gaurko gizarteak eskubide ezinbestekotzat dauka (zer esanik ez gizonon eskubideaz arituko bagina), baina ez zen horrela orain ez hainbeste denbora.

Batzuen urteetako esfortzu eta nekeei esker ditugu hainbat eskubide onartuta gaur egun, aurretik aipatutakoa adibidez. Baina badira hainbat, bereziki gure Euskal Herri honetan, egun ukatu egiten zaizkigunak. Horietako bat da, nire ikuspuntutik, erabakitzeko eskubidea. Horren alde lanean dihardu berriztar talde bat, Kantxa zati bat izenez ezaguna eta Gure esku dago talde nazionalaren barruan.

…pero, es tan urgente en esta sociedad, ahora?

Horrela galdetu zidan behin berriztar batek. Orain Fito y Fitipaldis-en hitzekin erantzungo nioke, no siempre lo urgente es lo importante. Baina egun horretan zera erantzun nion, gose danari, gosea urgentea ez dala esatea oso erraza da norberak tripa betea duenean. Gure herrikide batzuk ez dira konturatzen, batzuk, ERABAKITZEKO ESKUBIDEA behar dugula gure gosea asetzeko eurak gose ez direlako, gaur egungo statusean komodo daudelako. Berrizen KANTXA ZATI BATek eta Euskal Herrian GURE ESKU DAGOk gose horren berri ematen lanean jarraitu behar dute, gure tripa zorrien bozgorailu izaten.

Ez dugu inoiz erabakitzeko eskubidea babestuko. Herritarrak ez ditugu inoiz behartuko espainolak edo euskaldunak izan nahi duten erabakitzera. Ez ditugu banatzera behartuko.

Aurreko hitzak aurreko astean gaur PSE-EEko buru den Idoia Mendiak esan zituen, eta pena handiz entzun nituen. Ez dago esan beharrik ez nagoela berarekin ados, baina gauza batek bereziki harritzen nau, ez da konturatzen, ERABAKITZEKO ESKUBIDEA ukatzeak sortzen duela herritarren arteko arrakala? Herriari hitza ematea ez dela inoiz gizartea banatzeko motiboa izango? Herria entzutea, ahoan hainbeste erabiltzen duen demokraziaren oinarrizko abiapuntua dela? Benetan ez da konturatzen?

Ilusioa, hori da herri honek behar duena.

Noiz ikusi duzu azken aldian, Euskal Herrian, jendea pozik mobilizatzen, begiak zorion malkoz beteta dituztela dantzan, erabat hunkituta lanean, alboko ezezaguna besarkatzen? Nik lehenengoz 2012ko Abenduaren 29an ikusi nituen begi busti horiek, Kantxa Zati Batek Erabakitzeko Eskubidearen ituna aurkeztu zuenean, 300 begi busti. Eta hurrengo urtean, urteurren jaian, 200 beso elkar besarkatuz, 2014ko Ekainaren 8an 300.000 esku elkar hartuta eta Azaroaren 8an 20.000 beso mosaikoa eratzen Zurriolan. Ekimen honen inguruan bizi izan dudan zirrara, besteengan ikusi dudan ilusio hori inoiz ikusi gabea nintzen eta ikusten jarraitu nahiko nuke. Beraz, ados nago, herri honek ilusioa behar du, eta GURE ESKU DAGO ilusio hori pizteko gai izan da.

Alperrik ari zarete, ez duzue lortuko, ezinezkoa da eta.

Concepción Arenalek esan zuen, gauzak ezinezkoak dira, hala diruditen artean eta Nelson Mandelak, egin arte, beti, danak ezinezkoa ematen duela. Pisuzko erantzunak, duda barik, aurreko mezu ezkorrei. Goierrin sortutako birus hau zabaltzen jarraituko dugu, Berriztik KANTXA ZATI BAT taldearen bitartez ere lanean gogor, bilera, aurkezpen, hitzaldi mahai inguru, jai, dantza eta abar luze bat aurrera eramaten, ezberdinen arteko adostasunak lortzen, birus honek bakunarik ez duela jakinda. Jakin ezazu, oso posiblea dela zu ere kutsatzea, jadanik kutsatuta ez bazaude. Parte hartzeko gogoa, zoriontasuna eta ilusioa sentitzen baduzu birusa heldu zaizu, gerturatu zure herriko GURE ESKU DAGO taldera, herritar askoren, ezberdinen artean sortutakoa ezin-hobea izango dalako.

Har dezagun bidea, gure esku dago eta.

Milaka lagun oinez, eskutik oratuta.

Jende zoriontsua, herri libre batean.

Herri libre batean!

Bidean elkar besarkatuko garelakoan, ongi etorri Euskal Herri berrira. Animo eta laster arte!

 

*Gorka Cámara Hierro (Berriz, 1976) Matematika iraskalea da

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu