Ostirala,
2024ko Urriak11

MugaKultura

loader-image
Durango
1:58 pm,
temperature icon 20°C
Humidity 35 %
Ráfagas de viento: 21 Km/h

Elikagaiak eta koronabirusa (eta III)

 

Eneko Egibar Artola

Eneko Egibar Artola

· Albaitaria eta politologoa 

Un avión trae de Rusia a Vitoria 100 toneladas de material sanitario

Elikagaiak eta koronabirusa (eta III)

Forondako aireportua elikadura burujabetzaren aireportua eta elikagai ekonomia berri baten hasierarako aukera.

Euskal Herriko lehen sektorearen lidergoaz, zergatik ez?

Egunotan Forondako aireportua notizia da Txinatik eta Rusiatik hegazkinak iristen ari direlako Gasteizera, aurpegirako maskarak eta osasun tresnak banatzeko Euskal Herrian eta baita Estatu osoan ere. Baina, Forondako aireportua urte guztian egoten da zabalik; oro har, gauez aritzen da lanean. Antonov hegazkin erraldoiek urte osoan jarduten dute munduko edozein muturretik Euskal Herrira, batez ere, elikagaiak ekartzen. Daukan tamainarengatik, Euskal Herri osoan aukera hori eskaintzen duen aireportu bakarra da Forondakoa, gero, elikagaiak Gasteiztik Madrilera, Kataluniara… garraiatzeko.

Dagoeneko, koronabirusaren aferak elikagaien inguruan bizpahiru irakaspen eman dizkigula pentsatzen dut. Lehena, elikagaiak albistearen epizentroan ipini ditu. Ohartaraziz elikagaiak, eta horrenbestez lehen sektorea, oso garrantzitsuak direla edozein ekonomiatan eta gizartetan. Lehen sektore indartsua edukitzea ezinbestekoa baita edozein gizartearentzat.

Bigarrenik, agerian geratu da elikagaien munduan gertatzen den zentzugabekeria. Momentu honetan osasun kontrolen aldetik seguruenak diren elikagaiak eta Nazio Batuen helburuekin bat egiten dutenak, hau da, tokian tokiko produktuak merkaturatzeko arazoak daudela ikusten ari gara. Kontrara, “sistemak” distribuzio handiena ezarri digu jarraitu beharreko eredu gisa. Nahiz eta janariak erosteko “derrigorrez” egin behar ditugun ilara luze horietan denbora dugun pentsatzeko elikagaiak munduko beste muturretik gurera ekartzean zenbat plastiko, zenbat kutsadura… sortzen duten beren ibilbidean.

Hirugarrenik, botere publikoen eta elikagaien distribuzio handi horien arteko erlazioa ere agerian geratu da. Hau da, enpresa horiek Europatik, bertotik… dirulaguntza publiko asko eskuratu arren, botere publikoek ez dute inongo autoritate hierarkikorik, momentu honetan ere ez, enpresa horiei bertoko produkzioaren aldeko apustua egin dezaten exijitzeko. Testuinguru honetan, egia da distribuzio handiko enpresa batzuk prest agertu direla, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, produktu batzuk merkaturatzeko. Baina, apustua, noski, Nazio

Batuek ezarritako politikei kasu egin eta tokian ekoiztutako elikagaiek izan behar duten balioa prezio duin bat ordainduta islatu behar da.

Bestalde, krisi garai hauetan ikusten ari gara, ospitale pribatuen kudeaketa esku publikoetara pasatzeko aukera dagoela eta gizartearen gehiengoak normaltzat eta esango nuke beharrezkotzat ere jotzen duela aukera hori lantzea. Elikagaiekin, ordea, aginte publikotik ez da “jokatzen” gizarteak derrigorrezko duen sektore eta izaera estrategikoa izan behar duen aktibitate moduan. Ez, betiko politikarekin jarraitzen dugu, kasu honetan Europak ezarri eta markatutako politikekin eta mezuekin jarraitzen dugu. Inongo gogoetarik egin gabe.

Lehen sektorean betikoa egitea hauxe da: hain garrantzitsua den faktore publikoa elikagaien ekonomiatik eta merkatuetatik ateratzea. Faktore publiko hori elikagaien merkatuan desagerturik baitago. Nahiz eta, agian, momentu honetan zaharren egoitzetan dauden adinekoei laguntzeko modurik egokiena bertako kalitatezko produktuak eskaintzea izan. Bertako produktuak desagerturik baitaude zaharren egoitzetan. Esate baterako, Pazko igandean, Aberri Egunean, Euskal Herriko zaharren egoitzetan, ospitaleetan, lanean ari diren langileei, edota, ertzainei, suhiltzaileei… Euskal Herriko bildotsa eskaini izan bagenie, zer gertatuko zen? Agian, zartada batean gaur egun artzainek bildotsak merkaturatzeko dituzten arazoak desagertuko ziratekeen.

Bai, elikagaien merkatuan semaforoak ipini behar dira trafikoa erregulatzeko. Merkatu sozial baten ikusmoldeaz aritzeak era guztietako soluzioak ekar ditzake, baita ekonomikoak ere. Baina horretarako, faktore publikoak elikagaien merkatuan erantsita joan behar du. Horretarako, elikadura burujabetzaren gogoeta aktibatu beharra daukagu. Zeren, ospitaleetan aurpegia estaltzeko maskarekin gertatzen den antzera, zertifikazio eta kontrol batzuk bete arren, elikagaien munduan ere kalitate gradu desberdinak daude. Eta hori tokiko produktuarentzat aukera itzela da.

Pentsatzen dut koronabirusaren krisi honek, irakurketa asko eskatzen dituela politikoen aldetik eta politikagintzaren aldetik, baita elikagaien inguruan eta lehen sektoreko eragileen aldetik ere. Elikagai bat milaka kilometrotik Euskal Herrira ekartzea oso garestia ateratzen zaio, ez soilik erosten duen enpresariari, gizarte osoari ere bai, eta zer esanik ez naturari. Elikagaiak egiten duen bidean hamaika kalte eraginez.

Eta azken gogoeta moduan, hurrengo hau esango nuke: Euskal Herriko erakunde publikoek aurrekontuetan % 0,7 ezartzen dute urtero “hirugarren munduari” laguntza eskaintzeko. Agian, hirugarren munduari laguntzeko modurik egokiena hango ekoizpen lokalari prezio duinak ordainduta Europan elikagaiak merkaturatzen laguntzea izango litzateke. Horrela, ekonomian % 0,7 faktore publiko hori modu horretan txertatuz gero, ekonomiak eta merkatuak berbideratu egingo lukete bere eragin soziala eta baita ekonomikoa ere. Bai, ekonomikoa ere bai. Zeren, ez bailitzateke izango eragin sozialaz jaio den lehen proiektua eta ekonomiak eta merkatuak oso bideragarri bihurtzen dutena. Euskal Herrian ere badauzkagu-eta horrelako adibideak.

Hasi gaitezen ekonomia berri eta etorkizundun bat lantzen lehen sektorean, zerbaitegatik deitzen da -eta hala, LEHEN SEKTOREA. Geure aurrean daukagu egoerak eskatzen digun ekonomia berrian hasteko aukera. Ekingo al diogu?

Sin título-1

Albistea: 32 corderos se repartieron ayer en favor del Sahara
Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu