Ostirala,
2026ko Urriak02

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Durangaldeko Etxebizitza Sindikatuak gaurko Bilboko mobilizaziora deitu du

DURANGALDEKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Euskal Herriko etxebizitza sindikatuak Bilbon batu ziren irailaren 30ean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan gaur, urriaren 2an, egingo diren mobilizazio bateratuen berri emateko. Mobilizazioak «Espekulazioaren aurka, etxebizitza denontzat!» lelopean egingo dira.

Geroz eta jende gehiago etxebizitza merkatutik kanporatua izaten ari dela eta egoera jasanezina dela salatu zuten sindikatuek. «Etxebizitza-krisia langile klaseak pairatzen du, eta bien bitartean etxebizitzaren negozioak bere urterik onenak bizi ditu», adierazi zuten.

Sindikatuek adierazi zuten alderdi politikoek ezin diotela etxebizitza-krisiari aurre egin, haien politika publikoek ez baitiete krisiaren egiturazko arrazoiei heltzen. Era berean, alderdi gehienek sektore errentista eta espekulatzaileen interesei men egiten dietela adierazi zuten. Horrez gain, interes elektoralistak lehenesten dituztela gaineratu zuten, eta PSOE alderdi errentista dela esan zuten.

Etxebizitzak eskubide bermatu bat izan beharko lukeela adierazi zuten, hezkuntza edo osasungintza diren neurri berean. «Hori ezinezkoa da etxebizitzak gutxi batzuentzako irabazi iturri izaten jarraitzen duen bitartean», azaldu zuten. Horregatik, espekulazioa jomugan jarri behar dela diote, eta bide horretan hiru ildo aurkeztu zituzten: espekulatzaileen desjabetzea, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea eta merkatuaren logikatik kanpoko planifikazio ekonomikoa.

Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaurko mobilizazioan parte hartzera deitu du. Manifestazioa Bilboko Arriaga plazatik abiatuko da 19:00etan. Horrez gain, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 18:00etan Santiago plazan deitu duen asanblada herritarrean parte hartzera deitu du.

Durangaldetik elkarrekin joateko deia ere egin dute, 17:00etan Durangoko tren geltokitik abiatuta.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu