Astelehena,
2026ko Uztailak20

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Distopia musikal honi bi hitz…

ITZIAR CASTRILLO

Astean ordu erdiko klase batekin instrumentu bat jotzen irakastea da nire lanbidea. Hori baino gehiago dela ulertzen dut nik; musikarekiko grina, pasioa eta ilusioa ere transmititzen saiatzen bainaiz. Inguruan dituzten kontzertuen berri ematen diet nire ikasleei; batzuetan elkarrekin goaz zuzenekoetara ere, diskoak gomendatzen dizkiegu, artista zahar zein berriak aurkeztu.

Instrumentu bat jotzeak dakarren esfortzuaz nahiz gozamenaz ere aritzen gara. Bereziki, gorputzez sentitzeaz, norberaren arnasarekin melodiak barnean sortu eta aireratzeaz; nolabait, musikak bizia har dezan, norbere eta ingurukoen gozamenerako.

Bitartean, inguruan galdetu ezkero… Ura Bere Bidean, ETS, Zetak, Miribillako reggaeton izarrak eta modako raperoak dira gertukoen erreferentzia kasu gehiegitan, ez denetan, noski. Hein handi batean, zuzeneko musika eta musikaririk gabeko erreferenteak: autotunez, koreografiaz, disparatutako playbackez josiak; non arropek, kamerek eta eszenografiak musikak berak baino indar gehiago hartzen duten, ikuskizunak bilakatu diren.

Noski, kontzertu batek asko duela ikuskizunez: abestien aukeraketa eta set list egokiak, erritmoa eta interesa mantentzeko kantuen arteko oreka, aurkezpenak, etab., zuzenekoaren parte dira. Baina, zer eredu ari zaigu gailentzen azken garaiotan?

Ikuskizuna amaitu bezain pronto hurrengoa aurkeztu zuen Pello Reparazek San Mamesen. Ez zuen egun bat, ordu erdi, ezta 10 minutu ere itxaron; ez kritika musikalari, ezta publikoaren erantzunari ere… Ez zaio inporta, ez du behar.

Iragarpena egin eta 48 ordutara, bi «sold out», eta hirugarren data bat eskaini dute. Negozio bihurtutako produktu pribatu bat, diru publikoz subentzionatua. Eta, gainera, eskerrak eman behar dizkiogu euskarari eta euskal kulturari emandako aupadagatik, eta isilik egotera kondenatu gure buruak; ezin baita aurka txintik ere esan, ezta kritikarik zintzoena ere egin, izan entzule arrunta, folklorean aditua zein musikari profesionala. Apropiazio kulturalari buruzko txioak egon ziren, izena aipatu nahi ez dudan Espainiako telebista saio dekadente horretan Momotxorroak Zetak hizkiak aurrekaldean grabatuta azaldu zirenean, eta isiltasuna gailendu zen. Baina, aizue, denak ez du balio, lagunok.

Aurreko egunetan 120 sortzaile eskean atera ziren, beraien tarta zatitxoa eskatzen, haiei ere postre zati bat dagokiela erreguka. Gustu txarrekoa eta miserablea iruditu zitzaidan Fermin Muguruza komandantearen hitzei jarraiki eratu den limosna eskaera orokorra. Ez dute planteatu inongo beste hausnarketarik diruaren banaketarena baino —eta ez Pello Reparaz aipatuta, baizik eta ETSren kontura…—. Hemen ere baditugu, antza, gureagoak direnak eta hain gure ez ditugunak ere.

Musikalki gutxi edo ezer ere ez aipatu nezake San Mameseko showari buruz: Euskal Super Bowla, gure euskal erdi untzi, erdi erbi gaiztoarekin. Ezin ezer aipa, musikarik egon ez zelako… Bi ordu eta erdian apenas musikaririk, apenas zuzeneko soinurik, apenas instrumenturik eszenatokian. Basamortu sikua. Bat-batean, Arbizuko lagunak irtetean, oasi txiki bat agertu zen oholtzan. Ilusio optikoa baino ez; belarriak mintzeko beste desafinazio eta desfase bat. Une emozionala oso, antza; modan dago hori ere bai. Baina desfasea… Beraz, non kokatzen dugu ETB bidez ikusitako milioiak eta milioiak balio izan duen ikuskizuna?

George Orwell aipatu zigun gurutzetik hiltzerik gabe bizi berritutako jainko paganoak, 1984 ezagutuko ez bagenu bezala. Aspaldi euskal musikazaleok jaso genuen erreferentzia hori, gidoi hori, testuinguru hori. Hortan ere originalitate gutxi…

Eta zer esan adin txikikoen presentziaz… Ejem… Errealitate distopikoan hazi ditugu etengabe… Altxa Burua esaten diegu, eta pantailez betetako estadio batera eraman, non inguruko denak mugikorra eskuan, pantaila bidezkoa pantailatik bizitzen ari diren ia modu inkontzientean.

Esfortzua eta lanaren leloak transmititzen dizkiegu, eta ordenagailu bidez sortutako showa irenstera eramaten ditugu; non ez den ageri orkestra bat (bai, Rosaliarena, demagun), ez den ageri musikari trebez osatutako banda bat (C. Tanganarena, demagun), ezta haize sekzio txukunik ere, Gipuzkoa eta Nafarroako txaranga bateko musikari gaztez osaturik. Plastikoa eta zelofana, kodeak eta sekuentziak; dena pentsatua, neurtua, inprobisaziorako tarterik gabekoa… Musikaren Burger Kinga, ultraprozesatua… A ze aukera galdua.

Talde lana, komunitatea, saretzea, musika partekatua; ez bada, magia gutxi. Ba, hortan ere kale… Gimnasioan bere gorputza landu duen pertsona estereotipatua, baina bakarra; monoteismoan bezalaxe, pertsonaiez inguratua baina jainko bakarra. Erdian, argiztatua, zentroan, paso ematen… «Lider bat behar dugu liderra izan nahi duenak», abesten zuen Gorkak aspaldi, bere kitarratxoa eskuetan.

Eta zer esan erreferentzia eta gonbidatu zerrendaz? Ekain bero honetan milaka izan zitezkeen egiteko aipamenak, eta zer nagusitu zen? Futbola, lagunok… Futbol estadiotik hasiz, Kortabarria eta Iribarretik pasatuz, eta futbolarien euskararen erabilerari dei eginez… Sokorro! Atera nazazue hemendik, hau itolarria.

Eta jakin berri dugu Grison delako horri ondo ordaindu diola Pellok. Albert Pla eta Loles Leonen katxeak ez ziren atzean geratuko; ziur asko, garagardoak zerbitzatzen ari ziren langileena beste, aparrik gabe, mesedez. Asteazken goizean, 40 gradu baino gehiagorekin, langileak showaren errautsak batzen zeuden, sutan kiskaltzen. Horra hor bestondo sufrikarioa.

FOMO delakoa zabaltzen ari da ezker eta eskuin, gazte eta zaharren artean, gupidagabe: zeozer handia galdu izatearen beldurra. Denok dugulako egon beharra, ingurukoen presioa, soziala nahiz politikoa… Sarrerak hilabeteak eta hilabeteak lehenago hartzera bultzatuak, asteburu hori helduta WhatsAppeko estadoak sarrera salmentaz betetzeko… Erokeria. Gu geuk sortutako heroikeria, nahita edo nahigabe; baina heriokeria.

Ari garelako musika eszena itzaltzen, kontzertu aretoak desagerrarazten, girak itotzen; zer esanik ez herri antolakuntzaren ekinez sortutako programazio txikiak, gaztetxeak, gune autogestionatuak, kalea, herriko plazak. Hitz batez, sortzaileak miseriara kondenatzen; denok, oraingoan ezin Last Tourreri errua bakarrik botaz gure buruak zuritu.

Euskal eszenak ez du mitorik behar; errealitate dosi handi bat behar du, izerdia, jarrera eta mikroak, anpliak, set listak lurrean, arnasa eta oihuak. Ez dugu playback modernorik behar, ez dirulaguntzarik, ez mozorrorik, ezta autozentsurarik ere.

Sorkuntza bultzatu behar da, baldintza duinetan, noski; hasi muntaketatik, pasa teknikarietatik eta amaitu musikariekin. Kazetaritza musikala behar dugu, kritika musikala, laudoriorik gabekoa, ahal dela; plazak zuzenekoz bete eta DJez hustu… Kultur instalazioak erabiltzeko erraztasunak, ekimenetarako aurrekontuak, programatzaileen ausardia eta dirua formazio eta transmisiorako, erakusteko, zabaltzeko. Bultzadak, benetako bultzadak behar ditugu; gureak eta guretik sortuak, denontzat.

MTV antenatik AT! abestu genuenon belaunaldiak bete du San Mames; batzuk guraso eta seme-alabekin batera, gainera… Zelan aldatu garen, kamarada, esatea besterik ez zait geratzen; tonu minorrean, noski, nostalgiarik gabe baina triste.

Goza dezagun Zornotzan Haizetara asteburuaz, Ziortzako kontzertuez, Musikaire eta Uda Giroz, Arriola Blues Jazz jaialdiaz eta hainbeste eta hainbeste kultur hitzorduz. Inoizko musikaririk prestuenak ditugu Euskal Herrian, beraien proiektuak publikoarekin partekatzeko irrikan. Burger Kinga urtean behin, tira; baina zaindu dezagun gure elikadura egunerokotasunean: gertukotasuna, naturaltasuna, transmisioa eta pasioa lehen lerrora ekarriaz, inperfektuak garela ahaztu gabe.

Kontraesanak kontraesan, modak moda, inori meritua kendu gabe, hausnartu dezagun zein kultur eredu nahi dugun guretzako eta gure ondorengoentzako… Musikak salbatuko gaitu, kantatzen zuen Gatibuk urte pandemiko hartan… baina ez nago oso seguru musika bera ez dugun akabatuko garai distopiko hauetan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu