Ostirala,
2024ko Martxoak29

MugaKultura

loader-image
Durango
12:21 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 73 %
Ráfagas de viento: 29 Km/h

Berpiztu

Gaizka Peñafiel

Ikusi dugu ‘Berpiztu’. Ez da espero nuen dokumentala, egiari zor. Bertaratu diren beste lagun batzuekin hitz egitean jabetu naiz Kepa Junkeraren inguruan aritu garen bakoitzak gure dokumental propioa osatuko genukela aukera izanez gero. Beraz, pentsatu nahi dut ehundaka historio horien sintesia dela gaur ikusi duguna eta iritsiko dela publikoaren bihotzetara.

Donostirantza nihoala neure buruari eskatu diot antzokian negarrik ez egitea, nahi baino errezago datozkidalako malkoak begietara azken boladan. Kermanen hasierako hitzetan promesa pixka bat hautsi dut, baina ez da inor ohartu. Dokumentala ikusi, lagun onekin zerbait hartu, kotxean sartu, Bihar Arte kantua jarri eta etxerako bidean… orduan apurtu naiz.

Urte hauetan asko izan dira etengabe galdetu didatenak Kepa nola zegoen. Bere intimitatea errespetatu nahian ahalik eta informazio gutxien eman dut, baina ez dut itxaropen faltsurik ere eman nahi izan. Nahiago izan dut 2019ko uda hartan Olienen bizitakoa neuretzako gorde bere egoera publiko egin arte, gaur arte…

Iktusa jaso eta zazpi hilabetera bere etxean izan nintzen. Bere egoera zehatza zein zen jakin gabe zita zehaztu genuen eta han aurkeztu nintzen. Banekien sekuelaren bat izango zuela, baina itxaropena neukan geure amaren kasuan bezala, gainditzeko modukoak izango zirela. Agian horregatik kolpe gogorra jasan nuen aurrez-aurre topo egin nuenean.

Kepa da ziurrenik bizitzan ezagutu dudan pertsonarik aktiboena. Etengabe ideiak barrundatzen, melodiak josten, han eta hemen jotzen, proiektuak eraikitzen… zurrunbilo sortzaile itzela izan da betidanik. Geldi egoten ez dakien horietakoa, bere esku eta atzamarren mugimendu infinituek ondo adierazten zuten moduan. Baina bizitzak geldiarazi egin zuen bapatean, ezustean.

Olieneko portxean sarritan egondakoa nintzen; nola ahaztu trikitilari mitikoekin egindako elkarretaratze haiek, sorginekin egindako entsaioak… Txoko hartan izan nintzen denetan erromeri giroa usaintzen zen. Ez ordea oraingoan. Gurpildun aulkian aurkitu nuen pertsona haren barruan aurkitzen nuen Keparen arrastorik; bere umore karakteristikoa batez ere agerikoa zen. Alabaina, ez zen berbera eta bide luze baten hasieran geundela jabetu nintzen berehala. Kosta zitzaidan goiz hartan bizitako guztia prozesatzea…

Hiru urte pasatu dira egon ginen azken alditik eta ez dut oraindik indarrik bildu berriz elkartzeko. Ez dira izan nire urterik onenak maila pertsonalean, pandemia bat ere izan da tarteko, baina ez da aitzakia. Badakit ez dudala maila eman, nitaz gehiago espero daitekela. Saiatu naiz batenbatekin elkartzen bakarrik bisitan ez joateko, baina azkenean ez dugu posible egin. Esperantza neukan dokumentalaren harira berarekin egoteko aukera izatea, baina azkenean neure parte hartzea telematikoa baino ez da izan.

Pixka bat ezagutzen nautenek badakite Kepak zer suposatzen duen niretzat… txapa ederra eman dut gaztetatik. Erreferente artistiko bat baino zerbait gehiago izan da errekaldetarra neuretzako; eragin zuzena izan du nere bizitzako esparru desberdinetan. Hogei urte pasa dira inoiz izan dudan idolo bakarra ezagutu nuenetik. Bere sinaduran irudikatzen zuen planeta horren indar grabitazionalak erakarrita paper ezberdinak izan ditut denboran zehar; zalea, irakaslea bere eskolan, musikari kidea, argazkilari/bideoegilea… eta ikaslea ere bera kontziente izan ez arren. Gogoan dut Keparekin elkarlanean hasi nintzenean esan zidatela berarekin lan egiten zuen orok iraungitze-data zeukala, urte batzuk elkarrekin aritu ondoren hozten zela hartuemona. Akaso izango naiz ohitura baieztatzen duen salbuespena, baina gure elkarlana bizirik mantendu da etapa desberdinetan eta nik behintzat biziki gozatu dut bide horretan.

Ezagutzen dut Keparen izaera eta badakit denek ezingo dutela gauza bera esan, baina nire partetik hitz onak baino ez ditut. Berangatik aurpegia eman dut publikoki zein pribatuan eta ez naiz hortaz damutzen. Errespetatu eta baloratu du nire lana, nik berea egin dudan bezalaxe. Garrantzitsu sentiarazi nau eta zintzoki tratatu ere. Etxeko ateak zabaldu dizkit eta zerbait behar izan dudanean hortxe egon da. Bere umore biziak sekulako barreak sortarazi dizkit eta bere musikaren inguruko jakinduriak txunditu ere bai. Agian geure onena eman diogu elkarri eta horregatik elkarlanean aritzeko grina bizirik mantendu da horrenbeste urtetan zehar. Oraindik ere bada sugarrik eta jarri dizkit jada ‘jefeak’ etxekolanak hurrengo egunetarako.

Lehen batez ere musika eta argazki/bideogintzaz hitz egiten genuen horrelakoetan, esku artean zituen proiektuak ziren gai nagusia. Baina orain aldiro-aldiro watxapetik hitz egiten dugunean bere seme-alabetaz hitz egiten dit, hori da bere gai faboritoa. Jakingo dute haiek ere bai, baina oso harro dago haietaz eta nabari da. Zaintza zer den dakigunok badakigu zein garrantzitsua den familia ondoan izatea eta uste dut Keparentzat ezinbestekoak direla etxekoak aurrera egiteko, egunero altxa eta ekiteko. Ez da erreza izan eta ez da izango, baina merezi du, beti.

Gaurko bidaia emozional honi esker ohartu naiz nik ez nuela dokumentalik behar, beste pertsona batzuei zuzenduta dagoela eta betetzen dituela helburuak. Ni zorioneko naiz neure pelikula propioa bizi izan dudalako Keparen orbitan eta eskerrak ematen dizkiot bizitzari opari izugarri honengatik.

Iñigo Muguruza zenak esan bezala, bizitza triste eta ederra da. Gaurkoan bietatik jaso dut, biak ezinbestekoak direlako. Egunaren azken hondarretan edertasuna gailendu da eta testu hau da horren lekuko. Une latzetan ere badagoelako ederrik ondo begiratu ezkero.

Aupa Kepa, aurrera lagun!

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu