Asteazkena,
2024ko Otsailak21

MugaKultura

loader-image
Durango
6:55 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 62 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

Berlin, 12.03.16: Garaiko Umerri eskola libreari zuzendutako Soli-Kontzertua

UnaiU

Unai Uribe

Zapatua zen eta 18.00ak emotear egozan… Berlineko kale estu batean kokatutako Hausprojekt bateko tabernan nengoela, denbora ihesean joan zala iruditu jatan. Egun osoan bueltaka egon ondoren eta lagunen laguntza estimagarriaz baliatuta, ekitaldiaren azkenengo detailetxoak prestatzen emon nebazan taldeak agertu baino lehenagoko azkenengo tartetxu hartan…

Non eta Berlinen, hemen hartuko eban lekua dauela aste batzuk Durangaldean kokatzen den proiektu pedagogiko bat sustatzeko prestatzen hasi ginen kontzertu solidarioa. Proiektuak, Umerri Eskola izena hartu zuen jada 2011. urtean. Garain kokatzen den Eskola Libre txikiaz ari gara.

CIMG2862

Eskola sistema erregularraren aurrean kritiko mantenduz eta euren seme-alabak bertan sartzea ekiditu nahian, gutako gehiengoarentzako ezaguna den eskola sistematik at umeen garapen sozialerako baliagarriagoa eta sanoagoa izango zen proiektu pedagogiko honi forma emoten hasi ziren jada 5 urte Durangaldeko guraso batzuek, eta baita aurrera atara ere.

Ikuspegi kritiko honegaz bat egiten dogunon gutako pare batek, Lolo MPB lagunak eta biok alegia, Berlinen egonda ere, solidaritateak mugarik ez daukala, Martxoaren 12an jada izan zen Umerri Eskolari zuzendutako Soli-Kontzertua antolatzen hasi ginen,. Bagenekien lortutakoa ez zela asko izango, kontzertua ospatu behar zen lekua txikitxua baita, baina proiektua itzalpetik ataratzeak eta Durangalde mailan halako kontzeptu pedagogiko alternatiboen beharrizanaz ahotsa altxatzeak
motibatzen gintuen.

… Hurreratu ziren ba 18.00ak pasata, “Degenerated” taldeko 3 Kideak, gorartino kargatutako Renault Space batean. Berlinekoak dira eurak eta Psychobilly estiloa lantzen dabe, Rockabillya gitar doinu psikodelikoekaz, Punkaren abiaduragaz eta zoroetxe batetik ihes egindako tipo batek ohiu egiterakoan jarriko leuken ahotsagaz nahastuz. Tipo jatorrak eta lasaiak. Hasi ginen beraz,
instrumentu guztiak kontzertu aretora eroaten, hau da, sotora. Apurka apurka dana bajatu eta bigarren taldea noz etortzeko zain itxaron ginun, solasean.

Halako batean agertu ziren gaba horretan joko ebien bigarrenak. 18.30ak izango ziren taldearen konbi granateak tabernako atearen parean leku hartu ebanean. Ta hortik bajatu ziren “Los Juanma” taldekoak, hara, Motxi, Yogui eta Lolo bera. Euren kontzertu askotan izandakoa da idazten dauena, eta euren indarragaz berriro be kriston Punk gaba batez gozatzeko irrikaz nengoen. 80. hamarkadako Punk (batezbe) euskaldunaren talde mitikoen abestiei hautsa kentzera eta honeek Berlinen zabaltzera animatu ziren honeek, dauela ia 2 urte. Gauzak honela, euren estiloari ‘Punk Verbena’ deitzea erabaki ebien (zer da ba, abesti ezagunen bertsioak eginda gorputza astintzera motibatzen dauen talde bat? Ba hori). Eta euren ‘berbenetan’ mogimendua dau, zin dagit.

Soinu proba berandu hasita, lehenengo arazoa suertatu zen. Bajua. Bai. Los Juanmakoek bajua ahaztu ebien euren entsegu lokalean. Lolo ziztu bizian honen bila joanda, Degenerated-ekoak proba egitera ekin eutsen, ni goian gauzak antolatzen nengoela. Gabeko turnoetan parte hartuko ebien lehen lagunak agertzen hasi ziren (euren laguntza barik, halakoak egitea ezinezkoa izango zen).

Lolo bajuagaz berriro be agertzeaz batera ekin eutsien Los Juanmakoek probari. Berandu zihoan dana eta denboragaz nahiko zorrotzak izan behar ginen… baina beno, bazihoan dana aurrera. 20.00ak helduaz batera, ateak zabaltzeko unea heldu zan. Hasi ziren lehenengo lagunak sartzen.

Denbora aurrera joanaz batera kostata sartzen ziren partaide berriak. Izatez, gaba planeatzerakoan jende multzotxoa espero ginun baina baldintzak asteburu horretan konkretuki ez ziren oso lagungarri suertatu, han eta hemen pila bat kontzertu, jaialdi eta abarrekoak baegozan Berlin osoko eszena ‘Underground’ean. Jende gitxi egoala heldu ziren 21.00ak, hau da, danari hasiera emoteko unea eta lehenengo taldeari hasteko abisoa emon jakon. Danak sotora ba!

Eskailerak bajatuta, hor egozan Degenerated taldekoak prest, argi batzuek han eta hemen urratzen ebien sotoaren iluntasun orokortuaz inguratuta. Baketei lehenengo 4 astindu klasikoak emonez hasi ziren honeek jotzen. Musika indartsua erakusten hasi ziren, kontrabajoaren presentzia, soinua eta bajujolearen teknika bereziki nabarmenduz. Ez ziren hala ere 4 abesti igaro gitarjoleak lehenengo soka apurtu ebanean (gabeko lehenengoa…) baina tipoak gaitasun handia erakutsi eban minutu1 gutxitan soka aldatu, afinatu eta berriro be joteko prest egoteko, bitartean bateria eta bajujoleak inprobisatzeari ekin eutsiela jendearen atentzioa eta kontzertuaren erritmoa mantentzeko. Bajua astindu eta hurrengo abestia hasi zen, horra potentzia igertzen zana. Eta halako batean… pam! gabeko bigarren soka apurtu jakon gitarjoleari. Oraingo honetan tipoak soka joko osoa jarri ebanbere alboan, beharbada, gerotxoago gertatu ahal zenaren zain egonda. Bai. Hurrengo abestia amaitzear apurtu eban hirugarrena. Ikaragarria… Problema honeek ez ebien, hala ere, taldeak eskeini eban kontzertu ona kakaztu, emondako musika dosia ederra izan baitzen!

Psychobillien saioa amaituta, arin muntatu behar ebien dana Punk berbeneroek, ordulariak parkatzen ez eban eta… Goikaldean zerbezatxo batzuk eskuratuta, baegoan jendea berriro be behean prest, etorri behar zana ikusteko. Motxi bajujolearen aurkezpen hitz gutxi batzuren ostean, hasteko seinalea emon eban Lolok, bateriaren atzealdetik. ’80ak bueltan etorri ziren orduen. Sarrera nota batzuen ostean, Cicatriz-en ‘Txota’ abestiaren sarrerari ekin eutson Yoguik gitarran. Jaia hasia zen eta honegaz, mogimendua eta publikoaren parte batetik entzungai ziren ‘Txota!!… Txota!!…’ezagunak. Aipatutakoaren pareko beste talde mitiko batzuk etorri ziren ostean: RIP, Eskorbuto, Ultimatum, Danba, Zer-Bizio?, Kortatu… Los Juanmakoek euren lehenengo abesti propioa
aurkezteko be aprobetxatu ebien eguneko aukera. Lehenengoa baina ez azkena, ziur. Punk azkar eta korrosiboak jantzi eban saioa, Motxiren ahots garratzagaz eta Yoguiren koro potenteekaz lagunduta.

Izerdi patsetan gengozan batzuk KGBren ‘Treblinka’ abestiagaz ekitaldiari amaiera emon eutsienean. Ondoren goikaldean, tabernan jarraitu ginun gaua. Barran tortilla pintxoak eskuragai, Punk musikak giroa betetzen jarraitu eban. Talde batezbe euskaldun eta alemanen abestiak abestuta luzatu zen gaba goizeko ordu txikietararte.

Esan bezala, ez zen esperotako ‘jendetza’ egon baina kriston gaba pasatu ginun bertan egon ginenok eta ziur etortzeko erabakia hartu ebienek be damutu ez zirela. Musika ederra eta giro ona izan ziren nagusi. Ederto pasatzeko aukera eukinda, Umerri Eskola laguntzeko zeozer lortu zan, ezer baino beti hobea dana.

Umerri Eskola bezelako proiektu pedagogiko alternatibo eta anti-autoritarioen beharrizanaren konztientzia hartzen hasi behar gara, eta halakoak sustatzeko aukera eukinez gero duda barik parte hartu. Inposatutako estatu eskola sistema monokromatiko eta zurrunetik at alternatibak garatzen joatea ez da gauza bakana: hurrengo belaunaldietan aztarna uzteari buruz ari gara. Izaera kritikoaren, balore kooperatiboen, arazoen aurreko autonomiaren eta gure umeen garapen sozialerako lagungarriagoa den giroaren potentziatzeari gaur egun daukana baino garrantzia handiagoa emoten hasi beharko ginen.

Gidalagunak maisuen ordez. Kooperazioa konpetentziaren ordez. Autogestioa hierarkiaren ordez.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu