Larunbata,
2026ko Azaroak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Batzen gaituen jaia

MIREIA ELKOROIRIBE

Dagoeneko igertzen da giroan. Planak hasi dira, taldeetako mezuak, elkartzeko ilusiñoa, mozorro proposamenak, jatetxe eta txokoen erreserbak, musika entzun eta dantzatzeko gogoa…. azken finean, Durango jai giroan bizitzeko gogoa. San Fausto jaiak heldu dira.

Durangar gehienak bezala, ilusiño handiz bizi dodaz egun honeek, gure jaiek zerbait berezia daukielako: gure jendearekin batzen gaitue, eguneroko erritmoa pixka bat geldiarazi eta gogorarazten deuskue zein garrantzitsua dan horrelako momentuak partekatzea, gozatzea eta Durangoko parte sentitzea.

Aurten, gainera, ospatzeko arrazoi asko daukaguz. Durangoko hainbat elkartek urteurren garrantzitsuak ospatuko dabez. Besteak beste, Sasikoa Kirol Klubak, gure txupineroek, 40 urte beteko dabez, eta Sugarri Fanfarreak 50 urte ospatuko dauz gure kaleak musikaz betetzen. Zorionak bihotzez. Eskerrik asko urte guzti honeetan Durangoko bizitzaren parte izateagatik eta, beste elkarte durangar guztiekin batera, gure herriari eman deutsazuen eta ematen jarraitzen dozuen guztiagatik.

Gogoan izan gura dodaz, halaber, jai honeek posible egiten dozuen pertsona guztiak: Jai Batzordea, elkarteak, kolektiboak, udal-langileak eta dana ondo atara daiten denbora, lana eta ilusiño guztia jartzen dozuen hainbeste lagun. Eskerrik asko benetan San Faustoko jaiak munduko jairik onenak egiteagatik. Eta zelan ez, durangar guztioi, gure jaiak bizitzeko daukazuen modu alai eta parebakoagatik.

Eta orain, gozatzeko garaia da. Gogoz eta alaitasunez, baina baita arduraz eta errespetuz be. Alkar zainduz, ondoan daukaguna errespetatuz eta pertsona bakoitzak jaiak bere erara, libre eta seguru, bizi ahal izatea posible eginez.

Ez daitela ezer horren gainetik egon. Gailendu daitezela jaia, giro ona, barreak, berriz alkartzeko uneak eta alkarrekin ondo pasatzeko gogoa.

Beraz, urten kalera, gozatu, dantzatu, ospatu, abestu, partekatu eta egin zuenak San Fausto jai honeek.

Kaleetan ikusiko dogu alkar.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu