Baserri auzoaren ikurra
Mikel Garaizabal
Baserri auzoetan udako jaiak hastear daude. Horien artean, Abadiñoko Gazteluako bizilagunek astelehenean ospatuko dute jai egun handiena baselizaren inguruan, San Martin Aita Santua omentzeko.
Gaur-gaurkoz, Gazteluako San Martinak ez dute sasoi bateko arrakasta eta erakargarritasuna. Izan ere, egun hobeak bizi izan ditu jai egunak, eta ekintza ugari antolatzen ziren baselizaren inguruetan: txosna, erromeria, bola jokoa, txerrikume harrapaketa, kantzontzilo lasterketa eta antzeko xelebrekeriak, besteak beste. Orduko garaietan, beheko auzunean “Ongi Etorri Gazteluako Jaietara” zioen pankarta eskegitzen zuten auzotarrek.
Gaur egun, baserri auzoetako jaiak ez dute iraganeko jendetza erakarriko, baina auzotarren arteko lankidetza areagotu dute: baseliza atondu, baselizaren inguruak garbitu, egitarau praktikoagoa eta eguneratua osatu… Hainbat lagunen arteko ilusia bizirik irauteko eta baserri auzoaren ikurra indartzeko behar-beharrezkoak dira Gazteluako San Martinak moduko jaiak, alegia. Auzotarren lankidetza eta elkartasunak dirauen bitartean, jaiek ez dute beren xarma galduko.