Bakarrik bagina…
Izaro Andres
Lagun batek galdetu dit bart, izarrez betetako gau epel batean, ea nola esaten den “barkatzen zaitut” ingelesez. “I forgiveyou”, erantzun diot eta isilik jarraitu dugu izarren atzetik etxera bidea. Eta pentsatzeari ekin diot. Hitzen jatorri edo esanahi gordinean pentsatzen hasi naiz.
Hitzak elkarrekin komunikatzeko erabiltzen ditugu, bi subjektu edo gehiagoren arteko komunikazioan, harremanik gabe gizaki bezala garatzea ezinezkoa zaigun espezie honek. Bakarrik bagina, zertarako hitzik? Auto-ulertuko ginateke, modu batera edo bestera. Baina bakarrik ez gara. Eta hona aurkitu dudan dikotomia bi “ekintza” izentzen dituzten bi hitzen bertsio ingelesetan: “I forgive” (barkatzen dut) eta “I forget” (ahazten dut).
Argi dago zerbaitetarako barkatzen eta ahazten dugula: for-give(emateko) eta for-get (lortzeko). Ahazten dugu zerbait jasotzeko, guretzako, norberak bere buruarentzat egiten duen zerbait da ahaztea. Barkatzen dugu emateko, norbaitentzat. Komunikazioaren parte diren bi subjektuak argi daude norentzakoaren atzean(for). Fokua non jartzen den da diferentzia. Biren artean fokuak hiru izan daitezke: ni, zu edo gu. Fokua “ni” bada ahaztea da errazena egingo zaidana, jaso egingo dudalako zerbait, niretzat eta listo: for-get. Fokua “zu” bada errazago egingo zait barkatzea, eman egingo dizudalako zerbait, lasai zaitezen, bakea ematen dizut eta listo: for-give.
Eta hor harremantzen gara, batzuk eman eta eman begien aurrean dutena delako ikusten dutena, eta beste batzuk jaso eta jaso ispiluaren aurrean dutena delako ikusten dutena. Batzuk ahazten eta besteak barkatzen. Batzuk ahazten barkatu gabe, eta beste batzuk barkatzen ahaztu gabe. Jaso eta ezin eman, eman eta ezin jaso.
Zu zertarako zara for-give edo for-get? Ematekoa edo jasotzekoa? Baina fokuak hiru izan daitezke: ni, zu eta gu. Eta gu? Agian ez dugu oraindik horrela harremantzen ikasi eta horregatik ez da ezer forshare aditza. Behar luke existitu forsure(behin jolasten hasita).
“I forgetyou”: ahazten zaitut, nik bakea jasotzeko. “I forgiveyou”: barkatzen zaitut, bakea emateko. Eta bietako bat bake gabe beti. “I forshareyou” eta bizi gaitezen bakean betiko.
* Izaro Andres (Mallabia, 1993) Komunikazioko ikaslea da, eta abeslaria.