Aurten emakumeak izango gara protagonistak Elorrioko txupinazoan
Idoia Buruaga
· Elorrioko alkatea da
Hemen naiz beste behin ere, Ferixa Nausikoen atarian agurra idazteko hitz egokien bila, eta onartu beharra dut lehenengo urtean bezain zaila egiten zaidala. Atzera begiratu eta poztasunez oroitzen dut azken 4 urteetan alkate/herritar lez jaixetan bizitakoa.
Goizean goiz Ferixara bisita, Kuadrilla Egunean lagun artean igarotako goiz ederra, Sukalki Eguneko mozorro eta sukalki prestaketa, alabekin igarotako momentuak, Aldatsekuan gure herriko nagusiekin igarotako momentuak eta urte hauetan txupinazoa bota duten herritarren emozioa eta ilusioa. Aurten emakumeak izango gara protagonistak txupinazoan. Herriko hainbat esparrutako emakumeak izango baitira txupinazoa botako dutenak. Aupa, zuek!
Oraindik ere, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna eta indarkeria matxistaren kontrako mezua aldarrikatu beharra dago. Komentario, txiste, kanta zein jokaera sexistak salatzea denon esku dago. Portaera sexistak ez onartzera eta jaiak libre bizitzera animatzen zaituztet! Zorixonak era batera edo bestera Elorrixoko jaixak errealitate bihurtzen dituzuen guztioi! Lan itzela egiten duzue. Eta zorixonak elorriar guztioi denon parte-hartzeari esker Elorrixoko jaixak benetan ederrak izatea lortzen dugulako.
Bukatu aurretik, gure artean ez daudenak gogoan izan nahi ditut eta gogoz kontra urrun dauzkaten elorriar guztiak gure artean izan daitezen aldarrikatu ere bai. Ohiko jarduerara itzuli aurretik, murgil gaitezen jaixetan! Gureak jai herrikoiak direlako! Jai zoriontsuak opa dizkizuet. GORA FERIXA NAUSIKOAK!! Kalean elkar ikusiko dugu.