Amaitu berri den 2017a urte garrantzitsua izan da Durangoko Arte eta Historia Museoarentzat
Garazi Arrizabalaga
Amaitu berri den 2017a urte garrantzitsua izan da Durangoko Arte eta Historia Museoarentzat, baina aurtengoa berezia izango da. Museo eraberrituarekin hasiko dugulako urtea eta horrekin batera erakusketak eta hainbat ekintza berriri ekingo diogulako.
Atzera begirada bat egiten badut, eskerrak bakarrik eman ahal dizkizuet Museora etorri eta ekintzetan parte hartu duzuen guztioi. 2017an 11 erakusketa antolatu ditugu (horietatik hiru museotik kanpo, lanak irauten zuten bitartean) eta 19 bisita gidatu egin dira, guztira ia 300 pertsona hurbildu zarete bisita horietara, erakusketak gehiago ezagutu nahian.
Umeak ere urte honen protagonista bereziak izan dira, izan ere 34 ikasle talde izan ditugu gure bazterrak astintzen, guztira 766 haur eta gazte. Artea gertuago sentitu duten ikasleak izan dira. Guretzat oso garrantzitsua da artea gauza arrunt eta beharrezko bat bezala ikustea txikiak garenetik eta horregatik horrelako ekintzekin jarraituko dugu. Gainera, lehengoz museoan, familientzako tailerrak antolatu dira, non ume eta guraso elkarrekin aritu diren artea ulertzen eta sormena lantzen.
Bestelako ekintza motak ere antolatu ditugu; ikastaroak, grabatu tailerra, hitzaldiak, komiki tailerrak, etab. Guztira 19 ekintza museoa bizirik dagoela adierazi nahian.
Erakusketa, ekitaldi, bisita gidatu etab. hauetan parte hartu duzuen 14.772 pertsonei nire eskerrik beroena. Egia da, zenbakiak ez direla gauzarik garrantzitsuena, egiten dena kalitatezkoz izatea baino. Horregatik estreinatu berri dugun urte honi zera eskatzen diot, kalitatezko erakusketak eta ekintza desberdin gehiago, publiko zabalago bat museora gerturatu dadin.
Bertan itxaroten zaituztet.