Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
12:04 pm,
temperature icon 10°C
Humidity 86 %
Ráfagas de viento: 37 Km/h

AGUR ALFONSO, AGUR! · ‘Los Ampuero’ -beste hainbeste artean- liburuaren egileak utzi egin gaitu

Igor Basterretxea Kerexeta

· Historialaria

Orain dela gutxi, 2022ko abenduaren 28an, 73 urte zituela eta Zurbaon, gure Herrialdeko gizaki kultu eta azkarrenetariko batek, eta historialari onenetariko batek ere -onena ez bazen- utzi egin gaitu; eta, hala ere, berak nahi zuen moduan joan da, zarata egin barik eta prentsan agertu gabe. Gizarte edo mundu hain politizatu eta berekoi honetan apala eta, aldi berean, independiente izateak daukana da. Berak onartuta zeukan. Hori dela eta, historialarien lanari buruz, zera esaten zuen: “Gure aitorpena beste ikertzaileen oin-oharretan aipatuak izatea da”.

Alfonso de Otazu Llana. © EL PAÍS

Alfonso de Otazu Llana 1949ko abenduaren 26an jaio zen, Donostian. Aristokratikotzat har genezakeen familia batean hazi zen, nahiz eta bera, laua eta apala izanik, ez zen inoiz halakotzat hartu. Bederatzi hilabete besterik ez zituela, poliomielitis gaixotasuna harrapatu zuen, eta horren kontra gogor borrokatu zuen bere bizitzan guztian zehar. Horrela, gaixotasuna ez zen izan oztopo Zuzenbidea ikasteko, nahiz eta Historia bere zaletasun handiena izan, eta urte askotan denetariko eta maila guztietako lanetan aritzeko,  baita gobernu-lanetan ere, hauei buruz hitz egitea gutxi gustatu arren.

1970. urtean, 21 urte oraindik betetzear zituela, Hacendistas navarros en Indias liburua argitaratu zuen, eta hiru urte geroago, 1973an, El igualitarismo vasco. Mito y realidad ospetsua -gure historiografiarako ezinbestekoa. Historiaren aurreratu bat izan zen dudarik gabe, urte pila bat lehenago gaur egun berriak diruditen arlo eta teoriak ikertu eta defendatu baitzituelako. Julio Caro Baroja eta Ramón Caranderen ikaslea, beste bi handi; Alfonsok grina eta erraztasun harrigarriz idazten zuen. Ondorioz, apurka-apurka, hainbat liburu gehiago kaleratu zituen: La burguesía revolucionaria vasca a finales del siglo XVIII, Reforma fiscal en la España moderna, Los Rothschild y sus socios en España edo El espíritu emprendedor de los vascos -azken hau bere lagun José Ramón Díaz de Duranarekin batera-. Den denak, bere lan eta estiloari leialak, etorkizuneko ikerlanerako erreferenteak.

Azken urteetan, Valleko kondeari buruz idatzi zuen, El fotógrafo frente a la cámara; modu zehatz eta zorrotzean, berak zekien bezala, Ampuero familia ikertu zuen Los Ampuero, historia de una familia vizcaína liburuan; bere esperientzia, barru-barrutik, estatu mailako hiru museoen sorkuntzaren zirrikituetatik kontatu zuen, Testigo de descargo; eta bere arbasoen -senideen- historiarekin ausartu zen, hasiera batean Sancho el sabio Fundazioak plazaratuko duen idazki digitala.

Gure Kulturak eta Historiak oraindik ez daki zer galdu duen. Gure historialari eta ikerlari serio eta objektiboenetako bat joan da, eta pertsona moduan, ezagutu dudan koherente eta zintzoenetariko bat ere bai.

Nolako zortea izan zen zu ezagutzea, 1997. urtean, Bizkaiko Foru Artxiboan! Eta ordutik, zu laguna izatea; eta zurekin hainbat eta hainbat ordutako elkarrizketa atsegin eta interesgarri eduki ahal izatea! Mila esker zure jakintasunaren, gizatiar eta intelektualaren, partaide egiteagatik! Pribilegio hutsa izan da! Zure falta sumatuko da!

Agur Alfonso, agur! Edo… gero arte!

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu