Larunbata,
2024ko Apirilak27

MugaKultura

loader-image
Durango
7:05 am,
temperature icon 10°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 22 Km/h

Adinekoei laguntzen

Mireia Elkoroiribe

· Durangaldeko Mankomunitateko presidentea da

 

Gizakia gero eta urte gehiago bizi dela begi-bistakoa da; bizi-itxaropena nabarmen handitzen ari dela egitate bat; pertsona horien bizi-kalitatea bermatu eta hobetzen saiatzea guztion ardura.

Euskadin, 65 urtetik gorako biztanleria 2,5 aldiz haunditu da azken lau hamarkadetan. Gizonen kasuan, bizi-itxaropena 80.8 urtera heltzen den bitartean, emakumeona 86.6ra iristen da.  Datu horiek Euskadi bigarren postuan jartzen dute, Italiaren atzetik, 65 urtetik gorako biztanleria duten Europako herrialdeen sailkapenean. Hau pozik egoteko arrazoia da.

Hala ere, ezin dugu ahaztu, luzaroago bizitze horrekin, bakarrik bizi direnen pertsonen kopurua nabarmen igotzea datorrela eta, horrekin batera, bakardadean bizi direnen zenbatekoak ere gora egiten duela. Euskadin, esaterako, 2021ean, 270.558 pertsona bakarrik bizi ziren, horietatik % 43,7  65 urte edo gehiago zituen eta, 4tik 3 emakumeak ziren. Zenbakiak beti dira hotzak. Baina errealitatea da bakardadean bizi diren emakume adinekoen kopurua gero eta handiagoa dela eta nahi gabeko bakardade orori konponbidea  eman behar zaiola, ideia eta baliabideekin. Erronka itzela!

Durangaldeko Mankomunitatean errealitate horren jakitun gara. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren BetiON zerbitzua ezagutzera emateko hitzaldi informatibo ugari egin ditugu. Helburua izan da, bakarrik edota bakardadean bizi diren adineko pertsonei eskeintzen diren zerbitzuak ezagutaraztea eta horiek eskatzera animatzea. Azken 4 urtetan 1.062 onuradun izatetik 1.493 izatera pasa gara Durangaldean. Hau da, zerbitzu horien erabiltzaileak %41 gehiago dira azken legintzaldian. Ez dakienarentzat, BetiON etxez-etxeko arreta zerbitzu iraunkorra da. Eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan, edozein larrialdi egoerari erantzun egokia emateko berariaz prestatutako pertsonak bertaratzen dituen zerbitzu onuragarria da BetiOn.

Baina haratago joan nahi izan dugu. 2023ra begira, bakardadean bizi diren adinekoentzat laguntza zerbitzu berria jarri dugu martxan. Lanbide eta Next Generation funtsen laguntzaz, 10 pertsona kontratatu ditugu Durangaldean zerbitzu berritzaile hau eskeini ahal izateko. Hala, eskatzen duenak pertsona baten konpainiaz eta laguntzaz gozatu ahal izango du enkarguak egiteko, medikuarengana joateko, museo bat bisitatzeko, paseo bat emateko, mahai-joko didaktikoetan jolasteko edo, besterik gabe, solasean aritzeko.

Nahi ez den bakardade egoeran bizi diren pertsonentzat zerbitzu bikaina dela uste dut. Horrela lagunduago sentituko direlako, hauen sare soziala indartzen lagundu dezakelako eta, bide batez, nahi gabeko bakardade horrek suposatu dezakeen zama arintzen lagundu dezakelako.

Horregatik, bakardade egoeran dagoen hori edo  norbait ezagutzen duen edonor animatzen dut  94 623 25 22 telefonora deitu eta dagoeneko martxan dagoen “Adinekoei laguntzen” zerbitzuari buruzko informazioa eskatzera.

 

Izan ere, eurek izan zirelako gara; garelako izango dira;

guztion artean egin dagigun, gure aurrekoek merezi duten maitasunez eta bizikalitateaz bizi daitezen.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu