Abadiñoko Iturrixatik Durangorako ama-alabaren azken bidaia

MIKEL GARAIZABAL

1937ko martxoaren 31ko goizaldean, eguna argitu orduko, Paula Maiztegi eta bere alaba Teodora Arieta-Araunabeña abadiñarrak, Gazteluko Iturrizaga (Iturrixa) baserritik abiatu ziren Durangorantz astoarekin batera. Teodorak argi zuen egun hartan Durangora joan nahi zuela bai edo bai. Amarekin merkatuko eguna aprobetxatu nahi zuen, jantziren edo arroparen bat erosteko. Paula amak, ordea, ez zuen egun hartan merkatura joateko gogo handirik izan, hala ere, 18 urteko alabari gustoa emateagatik, azkenean joatea erabaki zuen.

Asto gainean merkatuan saltzeko produktuak zeramatzaten, arraultzak eta ortuko barazkiak batez ere. Askotan egin zuten baserritik Durangoko merkatu plazara arteko lau kilometroko ibilbidea.
Paula Maiztegi Iurretan jaio zen. Gregorio gazteluarrarekin ezkondu ondoren, Iturrixa baserrira joan zen bizitzera, garai hartan 163 zenbakia zuen etxera. Sei seme-alaba izan zituzten; Balentina, Jose, Tomas, Pantxika, Mari eta Teodora.

Durangora iritsi zirenean, astoa Uribarriko Andre Maria elizaren atzealdean lotu eta beraientzat ohikoa zen bezala goizeko elizkizunean parte hartzera abiatu ziren.
Eliza barruan zeudela, tragedia hasi zen. Errepublikaren aurka altxatutako matxinatuen aldeko Aviazione Legionariako hegazkin italiarrek Durangoren aurkako lehen bonbardaketa hasi zuten.
Lehen erasoek bereziki Kurutziaga, Uribarriko Andre Maria eliza eta Ezkurdi ingurua kaltetu zituzten. Bonbek bertan harrapatu zituzten ama eta alaba.

Teodoraren bi iloba.
Paula Maiztegi berehala hil zen, elizaren barruan. Teodora, 18 urteko alaba, zauri larriekin, Basurtuko ospitalera eraman zuten baina handik gutxira hil egin zen. Derioko hilerrian lurperatu zuten. Elizaren atzealdean lotuta geratu zen astoa, ordea, bizirik atera zen. Astoak bakarrik egin zuen Iturrixarako buelta. Hauxe izan zen Abadiñoko Gaztelu baserri auzoko ama-alabaren azken bidaia.
Durangoko bonbardaketek ehunka bizitza hautsi zituzten egun hartan. Gaur arte, gutxienez 213 pertsona identifikatu dira hildakoen artean. Hala ere, ikerketek aurrera jarraitu behar dute, gertatutakoa argitzeko eta biktima guztiak gogora ekartzeko.
Martxoaren 31 memoriaren, egiaren eta justiziaren aldeko eguna izateko lanean jarraitu behar dugu.





