Abadiño, ziklo berrirako herri proiektua
Aitor Azueta
Abadiñoko EH Bilduk, bere herri proiektua berrikusteko eta osatzeko, herritar guztiei zuzendutako prozesu parte hartzaile bat jarri du martxan. Prozesu honen helburua, legegintzaldi berria inflexio puntu bezala harturik, gure ibilbide orria markatuko duen politikak definitzea, eta berauek edukiz eta proposamen zehatzez janztea da.
Horretarako, askotariko gaiak jorratzeko asmoz, bi fasetan bereizitako bilera sektorialak egingo ditugu.
Lehenengo fasean, gai bakoitzaren diagnosia egingo da. Horretarako azpimarratu beharra dago, berau ahalik eta osoena izateko ezinbestekotzat jotzen dugula herrian dauden errealitate ezberdinak kontuan izatea, eta horregatik dagoela parte hartze prozesu hau herritar orori zabaldua. Bertan, herriko egoera irudikatzeko, herriak dituen baliabideak, hauen kudeaketa, indar-guneak eta gabeziak bezalako faktoreak aztertzeko beharrezkoa delako ahal denik eta iritzi gehien izatea.
Bigarren fasean, diagnositik eratorritako beharrizan eta helburuak asetzeko eta etorkizunean nahi den herria irudikatzeko, proposamen zehatzak landuko dira.
Diagnosi eta proposamenen faseak bukatuta, jardunaldi batzuk antolatuko ditugu gai bakoitzean aurkeztutako proposamenak aztertu eta lehentasunak adosteko.
Bukatzeko berriro azpimarratu nahi dugu, prozesu parte hartzaile bat zabaldu nahi izan dugula, herritarren iritzia bertatik bertara eskuratu ahal izateko eta herrigintza, herritarrekin elkarlanean jorratu beharreko gai bat dela ikusten dugulako. Beraz abadinar denak gonbidatzen ditugu hasiak dauden bilera ezberdinetan berain iritzia ematera etortzea.
*Aitor Azueta Abadiñoko EH Bilduko zinegotzia da.