2019ko Europako hauteskundeak: aukera ederra euskal politikarentzat
Eneko Egibar Artola
· Politologoa eta albaitaria da
Gaur egun politikari zentzua ematea ez da gauza erraza, ez da inoiz erraza izan. Hain azkar eta arin bizi garen gizartean gauzei, ekintzei, pentsamenduei zentzua, koherentzia ematea ezinezko ere badela esango nuke. Zer esan, bizi dugun gizartea bera fribolitatera eta artifizialtasunera bideratuta dagoenean, eguna joan eguna etorri, komunikabideetatik jasotzen dugun mezuengatik. Eta Euskal Herrian ere, abilak garelakoan nago bide hori lantzen. Hau da, “Hello news” moduak zabaltzen, alegia. Aldaketa dakarren edozein pentsamolderen kontrako antidotorik onena horixe baita, betikoarekin jarraitzea eta, jakina, helburu hori lortzeko derrigorrezkoa da gizarteari asko ez pentsaraztea.
Baina, norberaren bizitzan aukerak daudenean sumatu, aztertu eta trenera igotzeko atrebentzia ere eduki behar da. Hortaz, politikarentzat eta Euskal Herriarentzat Europako hauteskundeak aukera ederra direlakoan nago. Aukera ederra, bai, Europako hauteskunde horiek zentzu pixka bat eduki dezaten Euskal Herritarrentzat. Orain arteko parte-hartzea ikusiaz bistan baitago zein izan den euskal gizartearen ardura eta sinesmena Europarekiko eta, gehienbat, europar hauteskundeekiko. Izan ere, hauteskunde mediatiko, marketinez eta diruz estaltzen diren hauteskunde ofizial horiek Euskal Herrian parte-hartzerik handiena eduki duten unean -2005 urtean, Europako konstituzioari buruzko galdeketan-, % 40 baino baxuagoa izan zen parte-hartzea. Konparaketa eginez, Lekeitioko herrian Gure Eskuren kontsultak edo “hauteskunde alegalak” eduki zuenaren emaitza baino baxuagoa.
Momentu honetan, ordea, gauzak eta egoerak oso desberdinak direlakoan nago, bai Europan, bai Katalunian eta baita Euskal Herrian ere; Kataluniaren afera dela eta, egoera oso desberdina baita Euskal Herriarentzat ere. Parte-hartzea Euskal Herriarentzat oso desberdina izango litzatekeelakoan bainago 2019ko hauteskundeak, Euskal herritarrok kandidatura bateratuetan garela, Kataluniari babesa eta solidaritatea eskaintzeko erabiliko balira. Eta, aldi berean herritarren Europa baten aldeko apustu garbia egingo bagenu Euskal Herritik. Zergatik, ez? Horrexegatik diot Katalunia aukera dela euskal politikarentzat; aukera paregabea euskal makropolitika koherentziaren eta demokrazia berritzaile baten bidean ipintzeko. Ala, oraingoan ere Europako hauteskundeetako parte-hartzeari ez diote hain garrantzitsua iritziko Euskal Herrian hain Europazale ditugun euskal politikarik?
Katalunia, Europa mailan, gizarte aurreratuenetarikoa dela ikusten ari gara egunero. Horren ondorioz, Kataluniako gizartea politika ulertzeko modu berri bat eskatzen ari da; kasu honetan, Errepublika berria. Hori, ordea, ez da kasualitatez gertatzen. Izan ere, pertsonei lagundu egin behar zaie pentsatzen, modernizatzen, kritiko eta gogoetatsu izaten. Hori egitearen ala ez egitearen ondorioa da gizartean “Votarem” eta “A por ellos” moduko hain mezu desberdinak entzutea. Nire ustetan, VOXen sorrerak eta indarrak ere goiko gogoetarekin zerikusi zuzena dutelakoan nago.
Demokrazia ez baita, ez legedia, ez transferentzia… Bizitzaren aurrean sinetsi eta ikasi behar den jarrera bat da demokrazia. Demokrazia balore batzuen bidea da. Ez da estankoa edota geldirik dagoen zerbait. Eta 2019ko Europako hauteskundeek, nire ustetan, gogoeta horren isla esan beharko lukete, baita Euskal Herrian ere.
Euskal Herriak -eta Galiziak ere bai- lagundu egin beharko genieke katalanei Europako hauteskundeetan elkarrekin zerrenda bateratuetan joanaz. Lagundu, egiten ari diren herritarren demokraziaren aldarrikapenean, eta, lagundu ere bai, Estaturik gabeko nazioen arazoa Europan behingoz konpontzeko bidean.
2019koak aukera ederra dira, behingoz, Euskal Herrian Europako hauteskunde batzuetan parte-hartzea igotzeko. Gainera, hauteskunde orotan, politika ofizialak behin eta berriro aldarrikatzen duen kontuarekin bat egingo luke ideia horrek. Hau da, parte-hartzea igo eta bultzatu egin behar delakoarekin. Bada, oraingoan helburu hori lortzeko, euskal alderdi abertzaleek bide erraza dutelakoan nago.
Beraz, Euskal alderdi abertzaleak katalanekin bateginik aurkeztu daitezela hauteskundeetara, eta beste kontua, parte-hartzearena, utzi dezatela euskal gizartearen solidaritate eta senaren esku. Hau da, geure esku.