Gauza txikiek ezkutzatzen dutena
Garazi Arrizabalaga
· Durangoko Arte eta Historia Museoko arduraduna
Gauza sinple bati buruz hitz egin nahi dut gaurkoan. Papera eta tinta bezain sinplea, baina aldi berean hain mamitsua. Antonio Muñoz Molina handiak bere “El atrevimiento de mirar” liburuan esaten duenez, ez du merezi artista baten biografia ezagutzeak bere lana ikusteko. Izan ere, horrela baldintzatuak egongo gara bere obraren aurrean jartzean. Ba, asko sentitzen dut Antonio, baina gaurkoan artista bati buruz hitz egin nahi dut. Zehazki Nikolas Lekuonari buruz. Eta zehatzago esanda Durangoko museoan ikusgai dugun bere marrazki bati buruz. Lekuona Ordizian jaio zen 1913ko abenduaren 19an.
Familia liberal baten hazi zen eta ikasketak arkitekturara bideratu bazituen ere, bere lehengo arte erakusketa 18 urterekin egin zuen Donostian. Argazkigintza gustatzen zitzaion. Madrilera joan zen arkitektura ikasketekin jarraitzeko bigarren errepublika garaian. Bertan Pombo kafetegi famatuan beste artista batzuekin kontaktua izan zuen, batez ere artista euskaldunekin, eta beraien artean Oteiza handiarekin. Argazkigintza, argazki collage-a, pintura eta marrazketan landu zituen. Guztietan kutsu surrealista eta dadaista dauka eta batzuetan abstrakziorako bidea hartzen du. Horretaz gain, Henri Moore eta Oteiza artisten lantzen zituzten hutsuneak ere errepresentatzen zituen figuren barnean.
Arkitekturan aldiz Bauhausetik eta arrazionalismotik hurbilago zegoen. Bere lan guztiak oso aurrerakoiak dira, garaiko beste artistengatik aldendu egin zela esan dezakegu. Baina zorigaitza goiz heldu zen Nikolasen bizitzara. Izan ere, Gerra Zibilean erizain lanak egiten ari zen bitartean, bonba batek harrapatu zuen Fruizen eta 23 urterekin zendu zen. Zer gertatuko ote zen artista honekin bizirik iraungo balu? Nor arte helduko zer? Zer lan egingo zituen? Beste estiloren bat landuko ote zuen? 23 urterekin, arte ikasketarik jaso gabe, bere lanak Madrilgo Reina Sofian, Bilboko Arte Eder Museoan eta Durangoko museoan ditu ikusgai. Bizirik jarraitu izango balitz, zer beste museotan ikusiko genituzke bere lanak? Ziur aski euskal artista ospetsuena izango litzateke. Gerra zikin baten beste ondorio beltz bat.
Gure museoko marrazkia Zugaza familiaren dohaintza bat izan zen. Berari esker Durangoko museora hurbiltzen den edonor artista handi honen lan bat ikusi dezake. Marrazki sinple bat, pertsonaia surrealista eta hustuekin. Tamaina desberdinketakoak, eskuekin eta besoekin espresibitate handia adierazten dute, pertsona bat zulo betetik irteten (edo erortzen) ari da. Papera eta tinta bakarrik da, bain atzetik istorio ikaragarri bat duen paper zati bat da. Museora etortzera gonbidatzen zaituztet, Lekuona handiaren obra zuzenean ikusteko. Bere lanari buruz gehiago jakiteko bisitatu www.nicolasdeluona.org orrialdea.