PILI ALBERDI: “Kriskitinekin karnabalagaz gozatzeko eskatzen dugun gauza bakarra Surrandiaren maskara eramatea da”
Jon Baraja
EMAKUMEOK MUGAn
Inauteriak ate joka ditugu. Kriskitin Dantza Taldeak 2000an ohitura hau berreskuratu zuenetik urtero egiten den bezala, Surrandien eta Hartzaren konpartsa otsailaren 18an, larunbata, aterako da Durangoko kaleetara. “Deialdi zabala da. Gurekin irten eta karnabalagaz gozatu nahi duten guztiek parte hartu ahal dute. Eskatzen den gauza bakarra maskara eramatea da, besterik ez», dio Kriskitineko presidentea den Pili Alberdi Fernandezek, taldean orain dela 36 urte sortu zenetik sartuta dagoen durangarra. Hori dela eta, sudur luzedun karetak prestatzeko tailerrak antolatu dituzte datozen bi larunbatetan, otsailak 4 eta 11.
Antzina, Durangoko aratusteetan Surrandia deituriko pertsonaia ezagun eta beldurgarri bat zegoen. Mozorroa elementu hauek osatzen zuten: alkandora zuria, praka urdinak, abarkak, arranak, jendea astintzeko txaleko bat eskuan eta aurpegia estaltzen zuen kareta. Maskara horrek sudur handi bat zeukan, hortik euren izena, Surrandiak. Herriko kaleetan jendea beldurtzeari ekiten zioten. 2000. urtean, Kriskitin Dantza Taldeak ohitura hori berreskuratu zuen, Surrandien eta Hartzaren konpartsa sortuz. Harrezkero, inauterietan kalejira bat antolatzen dute tradizioari eutsiz. “Disfrutatzeko egun bat da. Gainera, pasa den urtean desberdina izan zen, pandemiarengatik neurriekin egin behar izan genuelako. Aurten normaltasunera bueltatuko gara”, nabarmendu dio MUGA-ri Pili Alberdik, Kriskitineko presidenteak.
Kalejira otsailaren 18an, larunbata, ospatuko da, 18:00etatik 20:00ak arte. Jaizale txisulariak eta Musika Bandako kideak ez dira hitzordura faltako. “Nobedade bezala, Merkatu Plazan bukatuko da, Andra Mariako elizpean obrak daudelako”, aurreratzen du Alberdik. Nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal dute, baina benetako Surrandia izateko ezinbestekoa da kareta eramatea. Hori dela eta, maskara tailerra antolatu dute datozen bi larunbatetan, hau da, hilaren 4an eta 11n, 11:00etatik 13:00ak arte.
Kriskitinen entsegu lekuan burutuko dira, Merkatu plazan. “Dohainik da, material guztiak guk ipintzen ditugu. Eraman behar den gauza bakarra kamiseta zahar bat da, ez zikintzeko. 4an maskarak egingo ditugu eta 11n hauek margotuko ditugu. Aprobetxatuz, dantza basiko batzuk ikasteko aukera ere egongo da”, azaltzen du Kriskitineko presidenteak. “Normalean ehun pertsonatik gora biltzen gara, gero eta jende gehiagok parte hartzen du, eskoletan gai hau landu egiten baitute, herrikoa delako”, gehitzen du Alberdik.
«Animoa ez zaigu falta»
Kriskitin orain dela 36 urte fundatu zen. Taldean beti egon diren pertsonak hiru dira: Juan Antonio Aroma, Miren Zamakona eta Pili Alberdi bera. “Kasualitatez sortu zen. Durangon Euskal Jaiak ospatu ziren eta deitu zituzten dantzariak mutilak ziren denak. Neskak hor egon ginen, ikusten. Orduan batzar bar egin genuen eta apurka-apurka hasi ginen. Horrela sortu zen eta gure estreinaldi ofiziala taldeko baten ezkontzan egin genuen”, gogoratzen du Alberdik. “Garai horretako taldeekin alderatuta, ikuskizunei aire modernoagoa eta ikusgarriagoa eman genien”, azpimarratzen du presidenteak, orain dela 25 urte inguru Ina Oleaga presidente bezala ordezkatu zuenak.
Kriskitin leku ugaritara eraman ditu bere dantzak eta Europan eta Amerikan izan dira. “Gauzak aldatu dira, orain gehiago kostatzen da mugitzea. Beti egoten dira gorabeherak, baina garai hobeagoak egon dira. Gaur egun gazteek konpromiso eta aukera ugari dituzte: kirola, aisialdia…”, onartzen du Alberdik. Dena den, gaur egun adin guztietako ehun pertsona inguruk osatzen dute Kriskitin, herrian hainbat jarduera antolatzen dituen taldea: San Juaneko akelarrea, Ezkontza Antzinako Erara… “Animoa ez zaigu falta”.