Astelehena,
2024ko Azaroak25

MugaKultura

loader-image
Durango
7:47 am,
temperature icon 16°C
Humidity 80 %
Ráfagas de viento: 13 Km/h

LEIRE BILBAO: «‘Arrainak Bihotzean’ erronka polit bat izan da, antzezlan bat nola idazten den ikasteko aukera»

Jon Baraja
🟣 EMAKUMEOK MUGAn

Bihar, hilak 27, ostirala, Durangaldeko Mar•Mar Teatro konpainiak bere bigarren ikuskizuna estreinatuko du: Arrainak Bihotzean. Berrizko Kultur Etxean izango da, 17:00etatik aurrera. Euskadi Literatura Saria birritan irabazi duen Leire Bilbao Barruetabeñak idatzitako lehen antzezlana da. “Erronka polit bat izan da”, dio Durangon bizi den idazle ondarrutarrak.

Leire Bilbao. IBAN GORRITI

Iaz Tarzan lanarekin arrakasta lortu ondoren, Durangaldeko Mar•Mar Teatro konpainiak bere bigarren ikuskizuna estreinatuko du ostiral honetan, urtarrilak 27, Arrainak Bihotzean deiturikoa. Proiektuari pasa den udaberrian ekin zioten, haur eta gazte literaturan aditua den Leire Bilbao idazleari gidoi bat egitea eskatu ziotenean. Durangon bizi den ondarrutarrak ia hogeita hamar literatur lan argitaratu ditu 2006tik.

Mar•Mar Teatro, ‘Tarzan’ lanarekin eskenatoki gainean.

Abestien letrak ere sortu ditu. Besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen bi disko oso, txikienen artean ereserki bihurtu diren kantekin, edota martxoan aterako den Jabier Muguruzaren lan berriarenak. Baina antzerkirako burutu duen lehen gidoia hau izan da. “Erronka polit bat izan da, probatu ez nuen zerbait egiteko eta antzerki taldeek nola funtzionatzen duten eta gidoi bat nola egiten den ikasteko aukera izan da”, argitu dio Leire Bilbaok MUGAri.

https://www.youtube.com/watch?v=yI-jhzbLsqA&t=5s

Arrainak Bihotzean ikuskizunaren protagonista Marti da, generorik gabeko pertsonaia. Bera lasai bizi da kresal usaina duen herri polit batean. Aita marinela du eta portuan, egun gris batean, bere zain dagoen bitartean ekaitz batek uretara jaurtitzen du. Nahitaezko bidaia hasiko du itsas hondoan zehar, horretarako arrainen eta beldurren hizkuntza ikasi behar badu ere. “Metafora bat da. Arrainak itsasoan daude, leku handi batean. Denok bizi gara beldurrekin: umeak, gazteak, helduak, nagusiak… Eta haiekin bizitzen ikasi behar dugu. Beldurrak nolakoak dira? Arrainak bezalakoak. Badira txikiak diren beldurrak, arrainak bezala. Badira handiak diren beldurrak, arrainak bezala. Badira beldur batzuk jan egin ahal zaituztenak, arrainak bezala. Edo zuk jan ahal dituzun beldurrak, arrainak bezala. Itsaso oso bat dago beldur mota desberdinekin, eta bakoitzak jakin behar du bere beldurrekin bizitzen”, azaltzen du Bilbaok.

‘Arrainak Bihotzean’ antzezlan berria. Mar•Mar Teatro

Euskaraz eta familia osoari zuzendua

Ikuskizuna euskaraz da eta familia osoari zuzenduta dago. Jendea teatrora joan behar da “obrarekin disfrutatzeko, barre batzuk botatzeko eta pentsatzeko. Bakoitzak bere bihotzeko arraina topatzeko”, nabarmentzen du Euskadi Literatura Saria garrantzitsua birritan irabazi duen egileak. 2017an Xomorropoemak eta beste piztia batzuk liburuarekin lortu zuen eta joan den urtean Barruko hotsak lanarekin. Berrizko Kultur Etxean estreinatu ostean, ‘Arrainak Bihotzean’ herri ugaritatik biratuko du datozen asteetan. Durangaldean, otsailaren 12an Elorrioko Arriola Antzokian ikusteko aukera egongo da eta martxoaren 4an Zornotza Aretora helduko da.

Arrainak Bihotzean antzezlan berriaren kartela. Mar•Mar Teatro

FITXA ARTISTIKOA

Zuzendaritza: Getari Etxegarai

Jatorrizko ideia eta poemak: Leire Bilbao

Dramaturgia: Mar-Mar Teatro

Panpinak eta Atrezzo: Javi Tirado

Jantziak: Noemi Loiti

Aktoreak: Irene Hernando, Aritza Rodriguez eta Maitane Serrano

Musika: Unai Laso.

Soinu espazioa: Igor Iglesias

Argi diseinua: Maitane Serrano

Ekoizpena: Mar-Mar Teatro

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu