Larunbata,
2024ko Azaroak23

MugaKultura

loader-image
Durango
8:07 am,
temperature icon 9°C
Humidity 79 %
Ráfagas de viento: 33 Km/h

620.824 EURO · Durangoko Andra Maria elizpea eraberritzeko lanek zortzi hilabeteko epea izango dute

Dagoeneko hasi dira Durangoko Andra Maria elizpea babestuko duten hesiak eta zurezko zorua instalatzen, eta, horrekin batera, «Europako arkupe handienetako baten eta Durangoko ikur garrantzitsuenetako baten zurezko egitura birmoldatzeko lanak», azpimarratzen dute Udalatik.

Proiektu honetarako Udalak 620.824 euro inbertituko ditu, eta horietatik 200.000 laguntza publikoetatik datoz. Lanek zortzi hilabete iraungo dute, bi fasetan banatuta, herritarrengan eragin handiagoa saihesteko.

Durangoko alkate Ima Garrastatxuk eta alkateorde Julian Riosek jabetza publikoko elizpe honek durangarrentzat daukan garrantzia nabarmendu dute: “Urte luzez arkupea mantendu ez izanak presaz jokatzera behartu gintuen 2022 urtearen hasieran, eta orain arkupearen egitura osorik birmoldatuko dugu, herri gisa dugun altxorretako bat baita. Ezinezkoa litzateke Durango espazio eder hori gabe ulertzea, gure herriaren epizentroa izan baita, eta gure historiaren protagonista etengabea, Durangoren aurka egindako bonbardaketaren testigu, Durangoko Azokaren lehen kokaleku edota Dario de Regoyos margolariaren jomuga izan da portiko hau, eta orain eraberritzera goaz”.

Lanen faseak

Arkupearen egiturak zenbait patologia ditu, batez ere urak eta denboraren joanak eragindakoak. 2022. urtearen hasieran premiazko lanak egin ziren, sabai leihoaren egiturari behin behinean eusteko. Orain, aldiz, arkupe osoan modu globalean jardungo da, bere egitura sendotuz.

Konponketa horiek egiteko arkupeko egungo zeramikazko teilaren estaldura kendu beharko da. Horretarako, alde batetik, aldamio perimetral bat jartzea aurreikusten da, elementuak bide publikora eror ez daitezen, eta, bestetik, barruko aldamio bat, arkupeko arkuetako zurezko elementuetan konponketa lanak egin ahal izateko.

Gainera, zoladura historikoa ez hondatzeko, dadoetan hormigoizko zola bat jartzea aurreikusten da, arkupearen azalera osoan, ondoren kendu ahal izateko. Azkenik, egitura nagusia osorik garbituko da, zurrustada bidez.

Elizpearen historia

Elizpearen eraikuntza 1676. urtean agindu zuen Durangoko Udalak. Armadura Martin de Gabiria arotzak diseinatu zuen, eta harrizko zutabeak, berriz, Domingo de Barraicua harginaren diseinuaren bidez egin ziren. 1681. urterako erabat amaituta egon zen.

Elizpearen funtzionaltasuna izugarria izan da, bai iraganean eta baita gaur egun. Durango osoko espaziorik erabilienetako, ibilienetakoa eta funtzionalenetakoa da. Nabarmentzekoa da plaza publiko estalia eta irekia dela, urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz.

Amaitzeko, Garrastatxuk eta Riosek azpimarratu dute “badela garaia gune historiko honi merezi duen tratua emateko. Lehenengo urratsa egitura sendo bat jartzea da, segurtasuna bermatzeko. Lanen ondoren, Durangon dugun gune polit eta sinbolikoenetako batez gozatuk ahalko dugu berriro”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu