Umeentzako ‘Roko Txikia’ ireki du Durangoko Udalak Landako I kiroldegian
Umeei zuzendutako ‘Roko Txikia’ irekiko du Durangoko Udalak Landako I kiroldegian irailaren 26tik aurrera. Rokodromo honen bitartez, eskaladan trebatzen hasi nahi duten haurrek aukera izango dute lehen pausoak emateko. 2 urtetik 10 urte bitarteko umek gozatu ahal izango dute “Roko txiki” koloretsu honetaz, beti ere, gurasoen begiradapean.
Zerbitzu honetaz gozatzeko, beste ikastaro zein guneetan bezala eguneko, hilabeteko edota urteko abonoa zein eguneko sarrera erosi beharko da. Dena den, igerilekuetarako abonoa daukaten umeek sarrera debalde izango dute.
“Elkarlana benetan polita izan da»
“Umeek kirol ezberdinez gozatu ahal izateko aukera zabaldu nahi genuen, eta helduentzako rokodromoaren ondoan haurrentzako beste espazio bat irekitzea erabaki dugu. Modu honetara, familia osoak gozatu ahalko du kirol eder honetaz”, adierazi dute Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziek.
Roko Txikiaren diseinua Eider Eibar ilustratzaileak egin du eta Udaleko udalekuetan egondako umeek margotu. “Elkarlana benetan polita izan da. Gaztetxoak Eiderrekin panelak margotzen ikustea eta proiektu honen parte izatea aberasgarria dela uste dugu, emaitzaren parte direlako”.