Nekazaritza eta elikadura ekologikoa uztartzen dituen erakusketa ikusgai, Amorebietako Zelaieta Zentroan
`Nekazaritza ekologikoarekin dena hobetzen da!´ erakusketa ikusgai dago Zelaieta Zentroko lehenengo solairuan hilaren 19ra bitartean. Elikadura ekologikoaren onurak azpimarratzeaz gain, ekoizpen ekologikoaren inguruko hainbat datu eta informazio zabaltzea da erakusketaren helburua.
Panel ezberdinetan elikadura ekologikoaren inguruko onurak azaltzen dira: elikagarriagoak dira, ekoizten diren tokiko ingurumena hobetzen dute, arreta eta osasun printzipioekin bat datoz, garbi daude, planeta zaintzen dute eta benetako tokiko elikagaiak dira, konfiantzazkoak. Era berean, eredu ekologikoak abeltzaintzan dituen onurak ere azaltzen ditu erakusketak: ez dago animalien ongizate maila altuagoa duen beste abeltzaintza sistemarik; era berean, karbono aztarna txikiena uzten duen ekoizpen sistema da ekologikoa. Panelez gain, erakusketan bideoa bat ere proiektatzen da, eta bertan, ekologikoa egiten duten hainbat ekoizlek euren lana eta esperientzia kontatzen dituzte, eta produktu bakoitzaren atzean dagoen pertsonaren irudia ezagutarazten dute.
Bisita gidatua eta etiketa irakurketa tailerra
Erakusketarekin bat eginda, hilaren 17an, arratsaldeko 17:00etan, bisita gidatua eta elikagaien etiketak irakurtzen ikasteko tailerra antolatu dira. Ordubete inguruko saioa izango da, eta parte hartzea doan bada ere, aldez aurretik izena eman behar da Zelaieta Zentroan, aurrez aurre edo 94 630 06 50 zenbakira deituta.