‘Zabalik’ erakusketak komertziante zornotzarrak omendu nahi ditu
Amorebieta-Etxanoko komertzianteak omendu nahi izan ditu Kandela Sormen Guneak, `Zabalik´ erakusketarekin. Helburua da, negozio edo denda bakoitzaren funtsa edo izaera ahalik eta modu gordinenean irudikatzea. Aurreneko argazkian komertzio horretako belaunaldi guztiak ageri dira, dendako atarian. Bigarren argazkian berriz, dendako elementuekin interakzioa bilatu da, dendariaren eta eroslearen arteko tratua islatzeko. Eta hirugarrenean, dendako protagonista ageri da, lehen planoan.
![](https://mugakultura.eus/wp-content/uploads/2022/01/1b642326-b0f5-496d-a547-db02b2cd5d8c-700x450.jpg)
Fotos: D. M.
Erakusketa Zelaieta Zentroan dago ikusgai, datorren urtarrilaren 29a bitartean.
Denda bakoitzaren historia ezagutzeko erakusleihoa
Kandela Sormen Guneak azaldu bezala, erakusketak erakusleiho bat izan nahi du Amorebieta-Etxanoko saltokien historia ezagutzeko, urteetan zehar zerbitzu ezin hobea eskaini dutelako, eta herriko dinamika komertziala indartzeaz ere arduratu direlako: «zuei, herria zaretenoi, onarpenaren ordua iritsi zaizue, hainbeste urteren ondoren egunkaria, ogia, kafea, fruta, barazkiak… irribarrez eta esker onez eskaintzen jarraitzen duzuelako».