Asteazkena,
2025ko Otsailak12

MugaKultura

loader-image
Durango
3:03 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 79 %
Ráfagas de viento: 26 Km/h

Abadiñoko Udalak jarduera egitarau zabala antolatu du Euskararen Eguna dela eta

Onintza Enbeita. EITB

 

Programazio berezia datorren ostiralean, hilaren 26an, hasiko da, Mendiola Auzo- Elkartearen lokaletan egingo den bertso-afariarekin. Bertan, Onintza Enbeitak eta Aitor Mendiluzek hartuko dute parte. Jarduera horrek 30 euro balioko ditu, eta edukiera mugatua da; beraz, aldez aurretik izena eman behar da 680 116 710 zenbakira whasapp bat bidaliz.

Programazioaren barruan, 24 ordutan errodatutako film laburren lehiaketa nabarmendu behar da. 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, baina aldez aurretik izena eman behar da katalamixonekintza@gmail.com helbidearen bidez. Horretarako azken eguna datorren ostirala, hilaren 26, izango da. Izan ere, izena ematen dutenek larunbatean, hilaren 27an, 11:00etan, jasoko dituzte lehiaketaren gaia eta zehaztapenak, eta 24 ordu izango dituzte ikus-entzunezko lana osatzeko, eta igandeko, hilaren 28ko, 11:00ak arte entregatu ahal izango dute, posta elektroniko beraren bitartez.

Ekimen hori osatzeko, postal lehiaketa bat eta argazki lehiaketa bat egingo dira. Lehena Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta. Postalak eskuz edo ordenagailuz diseinatu ahal izango dituzte, euskararekin zerikusia duten leloekin. Postalak ikastetxeetako postontzietan jasoko dira, ostiralera arte. Euskararekin erlazionatutako argazkien lehiaketa Bigarren Hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta.

Abadiño escape day

Datorren igandean, hilaren 28an, bi Escape Room saio programatu dira. ‘Muntsaratzeko Ezkontza’ Matiena Eskolako jolastokian egingo da, bi txandatan: 10:00etan eta 12:00etan, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleentzat, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat, hurrenez hurren. Arratsaldean, ‘Ibon eta Mariurrika’ saioa Zelaieta Eskolako gimnasiora eramango dute. Kasu horretan, 16:00etan Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleentzat izango da, eta 18:00etan Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoentzat.

Abadiño Escape Day –doako jardueran– parte hartzeko, ostirala, hilak 26, baino lehen eman behar da izena, informazio-karteletan agertzen den QR kodearen bidez edo jardueraren webgunean bertan. Bertan, interesdunek 3 eta 5 pertsona arteko taldea erregistratu beharko dute, eta txanda bakoitzean gehienez 3 talde elkartuko dira: https://quantum.eus/abadino/

Programazioak abenduaren 1ean jarraituko du, 18:00etatik aurrera Abadiñoko KZn, Marisa Barrenak emango duen euskarazko Wikipediaren inguruko tailer batekin. Hemen ere, izena Errotan eta Udal Mediatekan eman daiteke. Hurrengo egunean, Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendutako mintzodromoa antolatu da Probatokian. Karmele Gisasolak, Ainhoa Urienek eta Txaber Altubek hartuko dute parte.

“Programazioa askotarikoa eta erakargarria da jende guztiarentzat, baina egia da eskolako umeengan eta gazteengan zentratu garela; izan ere, lanean jarraitu behar dugu euskararen erabilera orokortu dadin, ikasgeletatik kanpo ere zabaldu eta ohikoa izan dadin, euren interesen araberako aisialdiko jarduerekin”, azaldu du Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak.

 

Euskararen Nazioarteko Eguna

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, txikiak izango dira protagonista ikastetxeetan bertan egingo diren jarduerekin, eta 16:30etik aurrera, jolasak eta tailerrak izango dira Matienako plazan. Programazioa osatzeko, Mikel Urdangarinek kontzertua emango du 19:00etatik aurrera Errota Kultur Etxean. Sarrerak 3 eurotan daude salgai dagoeneko Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan.

Programazio berezi hori abenduaren 4an amaituko da, 24 ordutan grabatutako film laburrak ikusiz eta hiru lehiaketen sarien banaketarekin, 11:00etatik aurrera, Errota Kultur Etxean. Informazio guztia udalaren webgunean dago eskuragarri: Zerbitzuak – Euskara – Jarduerak.

Ikusi kartela (PDF 4,66MB)

Ikusi diptikoa (PDF 23,57MB)

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu