BOTEPRONTOAN | Krispin Arregi | “Bizkargin makina bat idaorri erre dot nik ardiak zaintzen”
Izaskun Ellakuriaga
Krispin Arregi garaitarra Durangoko kaleetan ikusiko dugu zapatu goizean artaldearen aurrean. Ardi Egunean transhumantzia erakustaldia egingo dau goizean goiz ardiak Garaitik Durangora jaitsita. Txikitatik dabil artzain.
– Zenbat ardi?
100, zenbaki borobila. Neure kontura artaldea euki dodanean gehien 209.
– Zenbatgarren transhumantzia?
Azken urteetan laugarrena. Baina lehen be egindakoa naz. Orain 63 urte egin neban azkena. Orduan kostara joaten ginan neguan, Saturraran ganera.
– Txakurrik onena?
Oñatin lehenengo saria hartu eban txakur batekin kruzau neban etxeko txakurretako bat eta haren kumea: Lindo. Oso ona. Halakorik ez dot euki.
– Ardi baltzik bai?
Momentuan ez. Inoz euki dot, baina ez naz ardi baltzen zalea.
– Garaiko gustoko lekua?
Orain bizi nazen etxea: Harri. Gure etxea elizaz Garai da eta aiuntamentuz Berriz. Etxe azpian daukagu muga kartela ipinita.
– Oporrak azkenengoz?
Orain 30 urte. Astebete Izaba aldean egin genduan matrimonio bik. Esaten dabe ahuntzak mendira egiten dauala eta guk be hori, mendialdera, egin genduan.
– Inguruetako zein mendi?
Mugarra, hor jaio eta hazia naz-ta.
– Esne-saltzen noraino?
Eibar, Artxanda… kantinak horraino eroaten dodaz.
– Kolore bat?
Zuria.
– Jateko gustokorik?
Makailaoa pil-pilean.
– Egunik onena?
Ezkondu ginenekoa: Pilarika Eguna. Aurten dira 50 urte ezkondu ginala.
– Garaitik kanpo bizitzekotan?
Bakixa aldeko ermitaldean.
– Irratia ala telebista?
Irratia; kortan Arrate irratia eta kotxean Bizkaia Irratia beti.
– Artzain ona izateko zer behar da?
Ardiengatik estutzea beti. Ardiengatik arduratzen ez bazara, ez zara artzain ona.
– Ardi zaintzen bakarrik denbora asko egoten da. Zertan?
Fumetan. Zigarro papela erosi eta idiaz zigarroa egin. Bizkargin makina bat idaorri erre dot nik.
– Armosetako?
Baso bete ur eta gaileta bi. Eguerdiko 12ak arte edo baraurik, Goiurira edo igo eta han txakolin bat eta tortila pintxoa.
– Periodikoan zer begiratzen dozu lehenengo?
Eguraldia.
– Bazkalostean…
Abuztuan izan ezik, siesta apur bat. Abuztuan ez dago astirik, asko dago atenditzeko. Soziedadeko partidak be eukiten dodaz: tutean eta musean ibilten gara. 19 Ordago! Ordago joten espeziala naz, gero erantzutea beste bat da.
– Egun pasarako…
Mendi inguruan, Aizkorri. Herri bueltan, kostaldekoren bat, taberna buelta ona daukan bateren bat, gero bazkaldu ta… Getaria.