Asteartea,
2025ko Otsailak04

MugaKultura

loader-image
Durango
2:50 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 47 %
Ráfagas de viento: 5 Km/h

‘Atearen ostean, Mañariko 13 alabak’ , zapatuan

 

Testua: Mañariko Udala

Uztailaren 29 egun beltza da Mañariko herrian. Orain dela 83 urte, 1937an, uztailak 29 egun zituela, Mañariko 10 emakume atxilotu zituzten Francoren agindupean aritzen ziren indar armatuek.

MAÑARIA

1937ko udaberrian Francok Bizkaiko zatirik handiena kontrolpean zuen, eta urte bereko ekainean, Bilbo Errepublikaren aurka altxatu ziren indar militarren esku geratu zen. Euskal jendartearen aurkako errepresioa jada hasita zegoen ordurako, baina Bilbo erori eta egun batzuk beranduago, Mañariarrek garai haietan bizi izan zuten pasarte triste eta ilunenetako bat hasi zen.

1937ko uztailaren 29an, Francoren agindupean aritu ziren epaile militarrek Mañariko emakume mordoa atxilotzeko agindua eman zuten. Zerrenda luzeagoa izanik ere, egun hartan 10 emakume eraman zituzten herritik kamioi batean, kamioi horretan leku gehiagorik ez omen zegoelako. Frankistek hitza eman zuten biharamunean etorriko zirela emakume gehiagoren bila. Baina ez ziren itzuli sarekadarik egitera.

Mañariko Udalak Gerediaga Elkartearekin batera egindako ikerketa batek azaleratu du informazio hori, eta orain Mañariko udalak ikerketaren hurrengo faseari ekin dio senideen testigantza zuzenak jasoz. Asmoa da egun haietan bizitakoa kontakizun zuzen eta zeharkakoez berreraikitzea, besteak beste, gertatutakoa herritarrei azaldu eta frankismoaren errepresioa pairatu zuten emakume haiei eta euren senideei, justizia, memoria eta erreparazioa eskaintzeko.

Hala,  Mañariko Udala emakume horiei eskainitako omenaldia prestatzen ari da, 2020ko urriaren 24rako. Hartara, osasun ikuspegitik bermerik balego, urriaren 24an frontoian ekitaldi bat egingo da eta “Atearen ostean, Mañariko 13 alabak” dokumentala estreinatuko da. Dokumentala Durangoko Bideografiko Ekoizpenak produktorearekin batera egiten ari da Mañariko Udala. Ekitaldian elkarte memorialistikoetako kideak, Mañariko herritarrak eta kartzelaratutako emakumeen senideak egoteko asmoa dago.

Gerediaga Elkartearekin batera egindako txostenaren arabera, hurrengo hauek dira 1937ko uztailaren 29an atxilotu zituzten emakumeak (asteazkenean 83 urte beteko dira):

 

Clara Goiti Zugazagoitia, 40 urterekin, eta zazpi seme-alabaren ama zelarik.

Ageda Goiti Arteaga, 38 urterekin, eta lau sema-alabaren ama zelarik.

Teresa Subinaz Capanaga, 49 urterekin.

Maxima Arteaga Bilbao, 34 urterekin, eta 4 seme-alabaren ama zelarik.

Antolina Gorospe Petralanda, 32 urterekin, bi seme-alabaren ama zelarik.

Carlota Goiti Zugazagoitia, 30 urterekin, 4 seme-alabaren ama zelarik.

Angela Aldekoa Orozketa, 30 urterekin.

Salome Arteaga Uriarte, 28 urterekin, alaba batekin eta haurdun zegoela.

SALOME-ARTEAGA-13-ROSAS-MAÑARIA

Salomé Arteaga. Gerediaga Elkartea (Mañaria, aspaldiko argazkiak)

Julia Bizkarra Usabiaga, 20 urterekin.

Irene Bizkarra Usabiaga, 18 urterekin.

 

Horrekin batera, aipatutako ikerketak frankismoak kartzelara bidali zituen Mañariko beste emakume batzuen dokumentazioa ere jaso du eta beste sei emakume gehiagoren izenak topatu dira. Emakume hauek beste testuinguru edo herri batean atxilotu zituzten, baina denak dira “Mañariko alabak”, alegia, Mañarian jaiotakoak:

Ramona Barrenechea Sagarraga, 40 urterekin, 2 seme-alaben ama (1937ko uztailaren 24an).

RAmona-BArrenechea-Sagarraga-ROSA-MAÑARIA-MEMORIA

Ramona Barrenechea Sagarraga. Mugalari.info

Jesusa Kapanaga Artamendi, 28 urterekin, alaba baten ama (2 aldiz atxilotu zuten Durangon, 1937ko urriaren 15ean eta 1938ko urriaren 17an).

Miren Edurne Bustinza Ituarte, 22 urterekin (Bilbon atxilotu zuten 1937ko uztailaren 30ean).

 

Herri gehienetan gertatzen den moduan, gai honetaz gutxi edo ezer ere ez da hitz egin Mañarian. Isilean edo esparru intimo edo pribatuan gorde izan den kontua da. Mañariko Udalak erabaki du, ordea, badela garaia errekonozimendua, justizia eta erreparazioa eskaintzeko emakume horiei eta euren senitartekoei.

Emakume gehienak etxeko andreak ziren eta nekazariak (euretako bat, Ramona Barrenechea, tabernaria zen). Gehienak baserri lanetan aritzen ziren eta familiaren zaintza zuten ardura nagusia. Euretako batzuk onartu zuten nazionalisten aldeko botoa eman edo aldeko jarrera izan zutela Errepublika garaian, eta emakume abertzale baten taldeko kideak izan zirela (Emakume Abertzale Batza). Hala ere, frentean irabazi ostean, frankismoak argi izan zuen Mañariko emakume horien bezalako perfila erreprimitzea beharrezkoa zela jendarte osoan beldurra hedatzeko eta akusazio anitzak leporatu zizkieten, hala nola, Erregimenaz txarto berba egitea edo hegazkin faxistak pasatakoan berba txarrak bota izatea.

“Atearen ostean” esaldiak, omenaldiaren izenburuan, erreferentzia egin nahi izan dio emakumeek urte haietan etxe barruan eta kanpoan egin zuten lan eta ekarpenari. Espazio pribatu eta intimoan tradizionala izan zitzaien papera betetzeaz gain, espazio publikoan ere presentzia irabazten joan zen Errepublika garaian. Hala, emakume euskaldun askok ordezkatzen zuten “atzeraguardia” hori jazarri nahi zuen frankismoak, atearen ostetik egindako ekarpena ezinbestekoa zelako frankismotik harago zeuden baloreen transmisioa bermatzeko.

Atea sinbolo bat da, espazio bat eta beste konektatzeko elementua baita. Frente militarraren ostean, atearen osteko “fronte” horretan, aritu ziren emakume ugari, euren ekarpena errekonozitu ez bada ere, frankismoaren aurka eginez. Emakumeak izan ziren atearen bitartez espazio ezberdinak konektatzeko ezinbesteko katebegia.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu