Garaiko Udalak ikerketa-beka esleitu du herriko toponimia berritzeko
2020. urtean, Garaiko Udalak Garaiko toponimoen bilketa-lana egin, antolatu, datu-base batean jaso eta normalizatzeko 2.500 euroko ikerketa-beka deitzea erabaki zuen.
Ikerketa-bekaren helburua hauxe da: Garaiko euskarazko leku-izenak eta herriko ageriko hizkuntza-paisaia eguneratzea eta normalizatzea. Gerora, ikerketa-bekaren emaitza Garaiko toponimia-mapa eraberritzeko erabiliko du Udalak.
Garaiko Udalak epaimahaia eratu zuen ikerketa-beka esleitu ahal izateko. Epaimahaia Garaiko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak, Euskaltzaindiak eta Gerediaga Elkarteak osatu dute.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, epaimahaiak proposatu zuen ikerketa-beka Jon Ander Ramos ikertzaileari esleitzea. Garaiko Udalak epaimahaiaren proposamena aintzat hartu du, 2020ko irailaren 28an eginiko Osoko bilkuran. Ikertzaileak sei hilabeteko epea izango du lanak garatzeko. Nolanahi ere, beharrezkoa dela iritziz gero, begiz jotako epea luza daiteke.
Lankidetza-hitzarmena
Epaimahaiak iradoki zuen, egin beharreko lanetan jasotzea bildutako toponimoen gaineko oharrak, hots, toponimoen atzean dagoen unibertsoa, eta herri-mugakideen (Berriz, Iurreta eta Abadiño) toponimiarekin lotzea. Gainera, adierazi zuen ezinbestekoa zela orain arte inguruko herrietan egindako lanak kontuan hartzea, eta toponimoak zuzen jaso eta EAEko Izendegi Geografiko Ofizialean txertatzea. Horrela, Garaiko Udalak toponimia berritzeko egitasmoaren jarraipena egiteko, lankidetza-hitzarmena izenpetu zuen Euskaltzaindiarekin, 2020ko otsailean.
Bestalde, Euskaltzaindiak egitasmoaren zuzendaritza akademikoa bere gain hartu du. Paskual Rekalde euskaltzaina eta Onomastika batzordeko kideak hartu du bere gain egitasmoaren zuzendaritza akademikoa eta bera arduratuko da Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen irizpideak gauzatzeaz. Era berean, Garaiko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza eskatu eta azken horrek eskuratu dio Eusko Jaurlaritzaren datu-baseetan Garairi buruz ageri den guztia. Ondorioz, ikerketa-bekaren esleipendunak Garairen gainean orain arte argitaratu diren datu toponimiko guzti-guztiak, Euskaltzaindikoak eta Eusko Jaurlaritzarenak, izango ditu eskura. Garaiko Udalak lana burutzen duenean, emaitza Eusko Jaurlaritzari eta Euskaltzaindiari igorriko die datu-baseak eguneratzeko orduan balia ditzaten.