Berrizen egingo da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko saio bat
Izaskun Ellakuriaga
Irailaren 23an izango da, arratsaldeko 18:30ean, Berrizko Kultur Etxean. Maiatzean jokatzekoa zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea irailean izango da. 60 bertsolarik parte hartuko dute, eta horietako zortzi Durangaldekoak: Gorka Pagonabarraga (Durango), Igor Galartza (Abadiño), Ander Aldazabal (Amorebieta-Etxano), Bittor Altube (Abadiño), Eneko Barruetabeña (Durango), Garikoitz Sarriugarte (Zaldibar), Iker Apraiz (Atxondo) eta Iruri Altzerreka (Garai).
Hamar saio egongo dira fase honetan, sei bertsolarikoak. Fase honetatik puntuazioz sailkatuko dira bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.
Sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira: egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak. Guztiak, arratsaldeko 18:30ean.
Gai-jartzaile taldea
Bertsolarien artean bakarrik ez, gai-jartzaile eta epaimahaikoen artean ere Durangaldekoak izango dira; Gai-jartzaileen taldean, Amaia Ugalde (Elorrio), Ainhoa Urien (Abadiño) eta Itxaro Juaristi (Abadiño). Epaile, Alaitz Etxanobe (Mañaria), Jon Jaio (Iurreta) eta Miriam Juaristi (Zaldibar).
Informazio gehiago: bertsozale.eus