Errime Iurretako euskara elkartearen aurkezpena egin zuten atzo Dantzari plazan
MUGA EUSKARA
Atzo iluntzeko 19:30etan, Iurretako Dantzari plazan, Errime Iurretako euskara elkartearen aurkezpena egin zuten. Hemen bertan irakurritako testua.

Argazkia · Maitane Totorika Del Amo
ERRIME!
Elkartu litezke bi hitz,
auzaz,
eta arima bat piztu
herriaren bihotzean.
Batu litezke bi hots
gorputz bakarrean
eta gar bat ernai
hemen, bularrean.
Egin litezke hainbeste huts
ekin-ahalean
eta zangalatrabak ekidin
hurrengo batean.
Zenbat arrotz
lotu litezke
eta harri pausuak eraiki
munduko ur ugerretan?
Hainbeste negu hotz
jasan litezke
handien bazterrean,
baina aurre egin, gero,
egunean-egunean.
Zabal litezke eta zabaldu dira
bost hatz,
errime,
esku batean
eta bestean, eta bestean,
eta lanari lotu
kate bakarrean!
Poema: Eñaut Aiartzaguena Bravo

Argazkia · Maitane Totorika Del Amo
2025. urte honen hasieran, Iurretan, Errime euskara elkartea sortu berri dugu eta hemen zaudeten guztiok, etorri ez zaretenok eta etortzerik nahi izan ez duzuenok ere, animatu nahi zaituztegu, gure hizkuntzaren aldeko lanean bat egitera. Hizkuntzak ez baitira aberastasuna besterik eta gure hizkuntza bizitzeak bakarrik biziko baitu gure herria eta gure kultura.
Ez gatoz azalkeriatan gelditzera, lanera gatoz! Ardurak hartzera gatoz eta arduradunei exijitzera. Hau ez da bularrean ikur bat itsatsita amaituko, ez gara argazkitan bakarrik geldituko, gure hizkuntza biziberrituko duen lanabesa izan nahi dugu.
Euskaraz bizi nahi dugu eta ziur gaude zuek ere, hala nahi duzuela.
Gora Iurreta eta gora Errime!