Asteazkena,
2025ko Otsailak05

MugaKultura

loader-image
Durango
11:43 am,
temperature icon 9°C
Humidity 80 %
Ráfagas de viento: 4 Km/h

Irailaren 27an ospatuko da Euskal Herriko ardi-ile moztaileen Txapelketaren lehen edizioa Abadiñon

MUGA ABADIÑO

Euskal Herriko ardi-ile moztaileen Txapelketaren lehen edizioa irailaren 27an ospatuko da, Abadiñoko probalekuan. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatutako txapelketak egun osoko egitarau oparoa izango du. Lehiak, erakustaldiak eta bestelako ekintzak jasoko ditu programak, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Besteen artean, ardi eta artile produktuak dituen azoka antolatuko da. Lagun artean zein familian gozatzeko aukera paregabea izango da.

Orotara, bost lehiaketa egingo dira: Euskal Herriko Txapelketa, Artazizko finala, Senior, Open eta Nazioarteko finala. Euskal Herriko zein nazioarteko ardi moztaileak lehian ikusteko aukera izango da; besteen artean, Espainiakoak, Frantziakoak eta Eskoziakoak. 50 moztaile inguruk 700 ardi moztea aurreikusten da.

Goizean, Abadiñoko probalekuaren ondoan egindako aurkezpenean, txapelketako antolatzaileak, babesleak eta laguntzaileak eman dituzte zehaztasunak. Besteen artean, bertan izan dira: Joseba Attard, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko (EAME) presidentea, Angel Gurrutxaga, EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidentea, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Arantza Atutxa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, Andoni Agirrebeitia, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria, Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Arantza Ariztimuño, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria, Rafa Bilbao, Abadiñoko Udaleko zinegotzia, Unzalu Salterain, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko arduraduna, Juan Mari Tortorika, Urkiola Landa Garapeneko kudeatzailea, Txomin Uharte, Uharte-Arakilgo alkatea, Aitor Sola, Erromantzazuko alkatea eta Patxi Gaztelumendi, Gu ere bai!-ko bozeramailea. Euskal Herriko Txapelketa Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izango da 2025ean.

Munduko kontseiluak jartzen dituen nazioarteko arauen araberako txapelketa izango da eta nazioarteko 8-10 epailek ebaluatuko dute moztaileen lana. Epaile nagusia Robbie Hislop eskoziarra izango da. Are gehiago, Euskal Herriko Txapelketan 2026ko martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketan parte hartuko duen selekzioa hautatzeko proba baliagarria izango da.

Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatuko duten taldea bederatzi lagunek osatuko dute: makinaz arituko diren bi moztailek, guraizez arituko diren bi moztailek, artile kudeatzaile bik, talde burua, epailea eta entrenatzailea. Hiru dira Euskal Herriko txapelketan ardi moztaileak lehiatuko diren modalitateak: makina, guraizea eta artile kudeaketa. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute; guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute; eta, aldiz, artile kudeaketan, moztutako artilea bereizteko prozesuan arituko dira lanean, erabilera komertzialerako prest egon dadin.

Halaber, 2025ean eta 2026an ondorengo data eta lekuetan lehiatuko dira euskal moztaileak:
2025
• Apirilak 5: Le Merle (Frantzia). Makina eta guraizea.
• Uztailak 2-13: Boussac (Frantzia). Makina eta artile kudeaketa.
• Uztailak 19: Martel (Frantzia). Makina eta guraizea.
• Uztailak 25-26: Corwen Shears (Gales). Makina, guraizea eta artile kudeaketa.
• Abuztuak 16: Speed Shear (Zugarramurdi-Euskal Herria). Makina.
• Abuztuak 31: Artzai Eguna (Uharte Arakil-Euskal Herria). Makina.
• Irailak 27: Euskal Herriko Txapelketa (Abadiño-Euskal Herria). Makina, guraizea
eta artile kudeaketa.
2026
• Martxoak 4-7: Golden Shears World Championship (Masterton-Zeelanda Berria).
Makina, guraizea eta artile kudeaketa.

Kirola

Ogibide zaharretik bere alde lehiakorra sortu da. Oro har, moztaileak denboraren aurka lehiatuko dira, ahalik eta ardi gehien mozteko denbora jakin baten barruan. Epaileek mozketaren kalitatea ebaluatuko dute eta abiadurak garrantzi handia izango du, baina moztaileek zehaztasunarekin orekatu beharko dute, ardiak zaindu eta artilearen kalitatean eraginik ez izateko.

Moztaileok gogor entrenatzen dugu kirol honek eskatzen dituen gaitasunak eta trebetasunak garatzeko. Prestakuntza zorrotza eta zehatza behar da. Fisikoa, mentala eta teknikoa. Ardiei ilea mozteak trebetasuna, zehaztasuna, erresistentzia fisikoa, arintasuna eta teknika egokia landuta izatea eskatzen du. Teknikoki artilea modu eraginkorrean kentzeko beharrezkoak diren posizioak, manipulazioa eta mugimenduak
ikastea eta praktikatzea beharrezkoa dira.

Prestakuntza fisikoa ere funtsezkoa da, moztaileok ordu luzez mantendu behar baitugu lan erritmoa. Moztaileok egiten ditugun mugimendu errepikakorrek fisikoki nekea eragiten dute, batez ere, bizkarrean, sorbaldetan, hanketan eta besoetan. Ondorioz, moztaileok indartze eta egokitze ariketak, ariketa kardiobaskularrak eta malgutasun errutinak egiten ditugu, lesioak saihestu eta errendimendua hobetzeko.

Euskal Selekzioa

Mundu mailako ardi-ile mozte ekitaldietan eta txapelketetan Euskal Herria ordezkatzen dugu. Golden Shears Munduko Kontseiluak, aho batez onartu zuen Euskal Herriari beste herrialdeekin batera lehiatzeko aukera ematea, besteen artean, Espainiak eta Frantziak. Mugarri historikoa da.

Gure selekzioa Euskal Herriko zazpi probintzietako ardi moztaileez osatuta egongo da. Nazioarteko zirkuituan zein hiru urtetik behin ospatzen den munduko txapelketan parte hartu ahal izango dugu Euskal Herria-Basque Country bezala. Ardi moztaileontzat ohore bat da gure herria ordezkatzea: gure baloreen, gure nortasunaren, gure identitatearen erakusleihoa izatea.

Txapelketa motak

Oro har, lau dira antolatzen diren lehia motak: Speed Shear, Test Match, txapelketak eta munduko txapelketa. Speed Shear lehiaketetan banaka aritzen dira moztaileak lanean, azkarrena nor den ikusteko. Kalitatea ere kontuan hartzen da. Azken bi urteetan  Zugarramurdin ospatu da lehiaketa mota hau eta, aurten ere, bertan ospatuko da abuztua erdialdean. Moztaileak 15 segundo inguru behar izaten dituzte ardiei artilea kentzeko.

Test Match etxeko nazioak beste herrialde bati buruz buruko erronka batera gonbidatzean datza. 2024an, Frantziak gonbidatu zuen Euskal Herria. Joseba Ugalde zornotzarrak eta Laurent Paris hazparrendarrak ordezkatu zuten lehen aldiz Euskal Herria. Txapelketak nazioarteko estandarrak betetzen dituzten ohiko ardi-ile mozte lehiaketak dira, modalitate eta kategoria desberdinak barne hartzen dituztenak. Euskal Herriko

Txapelketaren gisako lehiaketak

Azkenik, munduko txapelketa dago, hiru urtean behin ospatzen den txapelketa handiena da. Ekitaldia ipar eta hego hemisferioen artean txandatzen doa. Bi edo hiru eguneko iraupena izan ohi du. Txapelketa nagusietako finaletan, 20 ardi mozten ditu moztaile bakoitzak 15 minututan.

Euskal Ardi Moztaileen Elkartea (EAME)

Euskal Ardi Moztaileen Elkartea (EAME) gara. Euskal Herrian zein mundu mailan euskal ardi-ile mozteari ikusgaitasuna eskaini nahi diogu. Munduko industriarik zaharrenetakoari merezi duen balioa eta lekua eman. Elkarlana, ordezkaritza eta formakuntza eskaintzen dizkiogu sektoreari.

Elkarlana. Lehen sektoreari zerbitzu profesionala eskaintzen diegu. Artzaintza babesten eta sustatzen dugu. Ordezkaritza. Nazioarteko ardi-ile mozte ekitaldietan eta txapelketetan Euskal Herria ordezkatzen dugu. Formakuntza. Ardien ilea mozteko, epaitzeko eta artilea sailkatzeko formakuntza eskaini eta bultzatzen dugu.

Ogibidea

Euskal Herrian milioi bat ardi daude eta, ardi moztaileek, lehen sektoreari zerbitzu profesionala eskaintzen diegu. Mozte garaia martxoan hasten da esnea ekoizteko artaldeekin. Oro har, uztailaren amaiera arte egiten da. Modu honetara, ardiak mendira igotzen dituztenerako artile geruza bat izatea bermatzen dugu.

Ardien ongizatea hobetzeko, ordea, artzain batzuk, ilea neguan moztea ere erabakitzen dute, ardiak bildotsak izan aurretik, urria eta abendua bitartean. Zeelanda Berriko “Bowen” metodoa erabiltzen dugu Euskal Herrian ardi ile mozketarako. Sistema honek artilea pieza oso bakar batean ateratzea bermatzen du. Ardi moztaileek 1-5 minutu behar izaten ditugu ardiei ilea mozteko, ardiaren egoeraren arabera.

Euskal artilea bakarra eta berezia da. Balio handiko produktua da. Egun, ordea, gizarteak materialen prezioan ipinita du begirada eta, ondorioz, erabilera komertzialerako irtenbidea ematea zaildu da. Artilearekin zer egin arazo bilakatu da baserritarrentzat zein erakundeentzat. Ondorioz, artilea, baliorik gabeko azpiproduktu bilakatu da.

Prezioaren betaurrekoak kendu eta produktuen atzean zer dagoen galdetu behar dugu. Produktuen errealitatea ezagutu.

Ardi-ile moztea

Ardi-ile moztea munduko industriarik zaharrenetakoa da. Duela 5.500 urte inguruan kokatzen da bere sorburua, gizartea artilea harilkatzen hasi zen garaian. Harri arotik artilea izan da eguraldi txarraren aurka babesteko egin diren jantzien materialik eraginkorrena. Arropak egiteko eta egunerokotasuneko beste erabiletarako baliatzen zuten artilea.

Are gehiago, zientziak oraindik ez du asmatu artilearen pareko propietaterik duen zuntzik. Berezia eta bakarra da. Material baliotsua da, biodegragarria, propietate askokoa eta leuna. Jasangarritasunaren eta kalitatearen sinonimoa.

Mendeetan zehar, artilea kentzeko lana guraizeekin egin da. Azken ehun urteotan, teknologien garapenari esker, makina elektrikoek eta ilea mozteko metodo berriek, lana azkarrago egitea eta erosoagoa izatea ahalbidetu dute. Ardientzat eta moztaileentzat abantaila dira sistema berrien etorrera.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu