GEREDIAGA: «Orain dela 50 urteko San Blas feriari buruzko irudiak berreskuratu ditugu Garaia biltegirako»
GEREDIAGA ELKARTEA
MUGA ABADIÑO
1973. urteko San Blas ferian grabatutako 19 minutuko ikus-entzunezkoa da, editatu gabeko irudiak eta giro-soinu barik. Baina, garai bateko Abadiño nolakoa zen ezagutzeko, eta batez ere San Blas feriak zein itxura zuen ikusteko balio handiko irudiak dira.
Abadiño inguruko irudiekin batera, Zelaieta auzoko kaleak eta eraikin zaharrak identifikatu daitezke, ferialekua nola antolatzen zen ikusi, zein motatako erakusleak eta saltzaileak gerturatzen ziren Abadiñora, eta 1973. urteko idi proben saioetako irudiak ere jasotzen dira.
Urte haretako San Blas feria otsailaren 3an eta 4an egin zen. Gainera, 1967. Urtean Gerediaga Elkartearen ekimenez “modernizatutako” azokan “Durangoko Merindadeko baserritar aurrerazaleentzat sariak” banatu ziren. Durangoko Baserri Zabalkundeko Agentziarekin eta Bizkaiko Aurrezki Kutxarekin batera antolatutako sariketa izan zen.
Hiru kategoriatan eman ziren sariak: abelgorriena, ortu-frutena eta auzo-lanak. 60.000 peseta banatu ziren sari guztien artean eta honek izan ziren irabazleak:
Abelgorriak: Jose Martin Unzalu Egidazu – Errota baserria, Amaitermin auzoa, ABADIÑO (15.000 peseta eta ohorezko plaka) eta Julian Uribelarrea Atutxa – Elorriaga-Atxekoa. IURRETA (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra)
Ortu-frutuak: Juan Cruz Gorroño Uribeganekoa – Zubitxueta, Eitua auzoa, BERRIZ (15.000 peseta eta ohorezko plaka) eta Gregorio Beitia Ibabe – Osintxueta. Arauna auzoa, ELORRIO (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra)
Auzo-lanak: San Andres auzoko auzotarrak – Orozketako kofradia. IURRETA (15.000 peseta eta ohorezko plaka) eta Urien baserrietako auzotarrak – Santa Katalina auzoa. GARAI (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra)
San Blas feriaren berriztapena: 1967. Urtea
Urte batzuk arinago, Gerediaga Elkartek sustatuta, San Blas jaietako feria berritzeko pausua eman zen 1967an. Jose Luis Lizundia orain dela 25 urte argitaratutako “Durangalde Gogoan” bildumako lehen zenbakian idatzi zuenaren arabera, Migel Anjel Astiz kazetari nafar eta euskaltzalearen, eta aldi berean Gerediaga Elkarteko bazkidaren ideia izan zen. Gaur egun ezagutzen dugun moduko feria antolatzeari ekin zioten, baserri-sariketak antolatuz, eta baserri-makinaria erakutsi eta saltzen zuten ekoizleen parte hartzearekin.
Gerediaga Elkarteak sustatuta bultzada berria eman zitzaion azokari, Abadiñoko Udala, Caja de Ahorros Vizcaina eta Extension Agrariaren lagutnzarekin.
GARAIA . Durangaldeko ikus-entzunezkoen biltegia
Iaz abian ipinitako tresna da Garaia.
Eskualdeko memoria eta ondarea jasotzeko eremuan ekarpena egiteko jaio da ataria (garaia.gerediaga.eus). Lekukotzen ikus-entzunezkoak ezezik, Durangaldeko historiarekin, kulturarekin eta gizarte gaiekin zerikusia duten dokumentalak ere badira webgunean. Sortzaileek ekoitzitako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batzen dira, asmo birekin: lanak zabaltzen laguntzea eta herritarren esku-eskura ipintzea.
Urte hasieran “Errekatxo” dokumentala igo da plataformara, Abadiñoko Mendiola auzoko eskolaren 100. Urteurrenaren harira egindakoa. Datorren astean, 1973ko San Blas feriako irudiak izango dira. Eta urtean zehar, 2024an digitalizatzen ibilitako ikus-entzunezko zaharrak igotzea da asmoa.