Abadiñoko Aitte Kurutzeko jaiak asteburuan ospatuko dira hamabostik gora ekitaldirekin
Abadiñoko Aitte Kurutzeko jaiak barikuan hasi eta domekan bukatuko dira, tartean hamabostik gora ekitaldi izango direlarik. Jai-batzordeak Udalaren eta herriko ostalarien laguntzaz antolatutako jaiok barikuan hasiko dira Donien Atxa landatuz. Egun horretan ospatuko da Pijama Eguna, zeinetan herritarrak pijama eta kamisoiz jantzita ibiliko diren kalean. Parrillada bat ere egingo da, erromeria bat ohiko patata dantzarekin, eta goizaldeko hiruretan galtzontzilo eta braga lasterketa. Elvis Caino DJa ere arituko da, besteak beste.
Zapatuan, Santuaren egunean, meza esango da ermitan, eta ondoren dantzarien saioa eta iski bat. Ekitaldien artean, ohiko tortilla txapelketa, umeendako ikuskizuna eta musikaz alaitutako poteoa. Domekan, Mozorro Eguna, zeinaren aurtengo gaia izango den itsasoa. Umeendako puzgarriak ere izango dira, eta herri bazkari bat «maleta siku» eran.