Igandea,
2024ko Abenduak22

MugaKultura

loader-image
Durango
2:05 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 82 %
Ráfagas de viento: 49 Km/h

Kaletik izarretara

ITZIAR CASTRILLO

Gazteak ikusi ditut beste aisialdi eredu baten alde kaleak betetzen, helduagoak ¨Requiem por Plateruena¨ idatziak prentsara bidaltzen, kultur mahaiak disolbatzen, Gerediagakoak azokaren balantzea egiten, udala Plateruena Musika Aterpea aurkezten, dena abendu hotz-bero honetan,urteko azken hilabetean, Durangon… ekarriko al digu 2025ak kulturzaleontzat berri onik?

Alljazzera lagun taldearekin Sapuetxen eman genuen zuzenekoa gogoan dut oraindik ia 20 urte pasa badira ere, lan egiten nuen Musika Eskolatik 20 metrotara, Durangora heldu berritan… gure funk doinuez busti genuen ibai ertzeko txoko ilun hura… handik urte pare batera Merkatu Plazan Musikherria herri disketxearen aurkezpen jaia antolatu genuen eta han izan ginen disketxe handi eta negozioaren gainetik musika egin, ekoiztu eta zuzenekora eraman genezakela amestuz…

Travellin Brothersekin Musika Hamabostaldian San Agustin Antzokia gabon kantuz bete genuen eta Katamaloren azken birarekin Plateruenan Sold Out kartela eskegita nire bizitza musikaleko oroitzapen goxoenetako bat bihotzean iltzatu zitzaidan.

Ikasleekin ere Durango eta inguruko hainbat espaziotan jotzeko aukera izan dugu, San Agustinen, Sorginolan, Tabirako belardian, Andra Mariako arkupean, Zugaza zineman, Arte eta Historia Museoan, Plateruenan, Hitz liburudendan, Landako gunean, Ezkurdiko Kioskoan, Angurreta Harrobian… espresio artistikoek kalean ere izan behar dutelako presentzia.

Durangok badu izena kultur ekosisteman… bete dezagun izena izanez.

Musikak, kulturak, sorkuntzak espazioak behar ditu, publikoak, pribatuak, autogestionatuak, txikiak zein haundiak, xumeak zein profesionalak, denak behar ditu (gu)… ezer ez dago sobran eta momentu honetan dena dugu faltan. Durango asko daude Durangon, durangar beste, eman diezaiegun hasiera bat, maitasun bat, teoria bat, lilura bat… ETXE bat.

Musikaren ikuspegitik idazten ari banaiz ere, kultur sorkuntzari buruz orohar dihardut, ahoa betetzen zaie gure agintariei kulturaren garrantziaz hitzegiten dutenean, gehienetan hitz hutsez betetzen dituzte beraien diskurtsoak, ia ia karitatezko berbak… gaur bertan hitz hauek idazten nabilela jakin berri dut artista dohakabe askoren egoeraren latza, batez beste 1.027,5€ hileko soldatarekin, prekarietate larrian..

Bitartean Guggenheim handi baten mamua ari da antzarekin batera Urdaibako zeruen gainetik, Azkuna Zentroko zuzendariak dimisoa aurkeztu berri du, Bilboko Arte ederren Museoaren obra berriak Arriaga espazioa txikitu du eta hainbat sortzaile burokrazian itota bizi dira beraien proiektuak aurrera eramateko.

Hartzea ematea DA izan da aurtengo Durangoko Azokaren lema eta aingura, norabide biko esaldia muinean, hori da hain zuzen testu txiki honek aldarrikatu nahi duena, hartu-emanetarako esparruak, taberna, gimnasio eta salerosketa monetariotik kanpo, elkartzeko, konpartitzeko, saretzeko, amesteko eta sortzeko.

Sorkuntza erreztu, bideratu, lagundu, finantziatu behar dela ez zan erregu bat izan beharko ezta eskaera ezinezko bat ezta gabonetako desio bat ere… gizarte aberats, kritiko eta ameslari baten premisa baino… betebeharra ere bai erakundeentzako  nahiz eta inkomodoa izan… artea eta kultura deserosoa izan behar baita sistemarentzako, instituzioentzako, eta norbanakoentzako ere bai zergaitik ez… gure kontraesanak azaleratu, begirada zabaldu, hausnarketa eta eraldaketa bultzatea baitu helburu arteak…

Ez dugu oasirik behar, iturri oparoa baizik…

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu