Udalsarea 21ek Euskadiko 2014ko Udalerri Jasangarriaren saria eman dio Durangori, Tokiko Agenda 21en bikaintasunagatik
Mugalari
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, Udalsarea 21eko presidente gisa, Aitziber Irigoras Durangoko alkateari Euskadiko 2014ko Udalerri Jasangarriaren diploma eman dio, Durangoko Agenda 21 prozesuaen bikaintasuna errekonozitzeko. Sailburuak, halaber, aipamen berezia eman die Gasteizi, Tolosari eta Maruri-Jataberi, Durangoko ekitaldian bertan, Ingurumen Jasangarritasunaren Euskal Azokarekin (Berdeago) bat etorriz.
Durangok sari nagusia irabazteko, beste 40 udalerrirekin eta eskualde-erakunde batekin bere borondatez parte hartu du tokiko agendaren kalitatea zehazteko analisi batean. Neurketa horretarako, Udalsarea 21ek sortutako ebaluazio-sistema bat hartu dute kontuan: Tokiko Agenda kalitatea, Tak21.
«Argi geratu da Tokiko Agenda 21en baitako prozesuak eredu direla udalentzat, hala kalitatearen, nola etengabeko hobekuntzaren aldetik. Horiek ezartzeari esker, eta egindako ekintzen urteko ebaluazioaren eta Tokiko Ekintza Planen aldian behingo berrikusketaren bidez, helburukako kudeaketa publikoaren kultura sortu da», nabarmendu du Ana Oregi sailburuak.
TAK21 ebaluazio-sistemak bost faktore hartzen ditu kontuan, behin betiko kalifikazioa zehazteko: estrategikoa, zeharkakotasuna, partaidetza publikoa, operatiboa eta jasangarritasun-adierazleak.
Faktore horiek guztiak batera kontuan hartuta, Durango izan da kalifikaziorik handiena eskuratu duen Udalsarea 21eko udalerria. 2006an hasi zen Tokiko Agenda 21 osatzen Udalsarea 21en eskutik, eskualde horretako beste hainbat udalerrirekin batera. Alkatetzak hasiera-hasieratik hartu zuen prozesuaren gidaritza lan horretarako, eta berariazko teknikariak ekarri zituen berera, Tokiko Agenda 21 ezartzeko. 2007an sartu zen Udalsarea 21en, eta 2014an Tokiko Ekintza Plana berrikusi zuen. Urte horietan guztietan, Durango abangoardian izan da, bai klima-aldaketan, bai airearen kalitatean, mugikortasunean, hirigintzan eta hondakinen kudeaketan. Horretarako, bultzada handia eman dio berrikuntzari, eta ingurumen-araudia landu du.
Aipamen bereziak
Udalerririk jasangarrienari emandako sariaz gain, aipamen bereziak eman dira ebaluazio-sistemak neurtzen zituen faktore bakoitzeko. Tolosak udalerrian jasangarritasun-politikak ezartzeko barneko egituraren eta antolaketaren aipamen berezia eskuratu du; Gasteizek, udalerrian jasangarritasun-politikak antolatzeko eta betearazteko aipamena; Maruri-Jatabek, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-kalitatearen emaitzak hobetu izanagatik; Durangok, azkenik, bi aipamen izan ditu: partaidetza publikoa eta gardentasuna sustatzeagatik, eta jasangarritasun-politikak ezartzeko garaian izandako ikuspegi osoagatik eta lidergoagatik.
«Tokiko jasangarritasun-politikak erabat garatzea funtsezkoa da eskualdeak hazkunde-eredu global jasangarriago batera aldatzeko bidean protagonista izan daitezen», nabarmendu du Ana Oregik.
Tak21 sistema
TAK21 ebaluazio-sistemak bost faktore aztertzen ditu Tokiko Agenda 21en kalitate orokorra ebaluatzeko: estrategikoa, zeharkakotasuna, partaidetza publikoa, operatiboa eta jasangarritasun-adierazleak.
TAK21en faktore estrategikoak, beste hainbat alderdiren artean, lidergo politikoa eta tokiko ekintza-planaren izaera integrala neurtzen ditu, bai eta tokiko agenda gainerako toki-politikekin zer-nola dagoen lerrokatuta ere. Zeharkakotasunak jasangarritasun-politikak udal bateko sail guztietan aplikatzearen bultzada eta inplikazio teknikoa hartzen ditu kontuan. Partaidetza publikoak herritarren parte-hartze aktiborako mekanismoei erreparatzen die, baita lortutako dinamismo-mailari eta parte-hartzaileen aniztasunari eta ordezkagarritasunari ere. Faktore operatiboak tokiko ekintza-planaren formulazioa balioesten du: kalitate-maila, bideragarritasuna eta egokitzapen-maila, gauzatze-maila eta Aalborgeko Konpromisoak betetzeari egindako ekarpena, besteak beste. Eta, azkenik, toki-jasangarritasuneko faktoreak ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-kalitatean izandako hobekuntza kuantitatiboak neurtzen ditu.
TAK21 sistemarekin 2014an Tokiko Agenda 21ak ebaluatu dituzten udalak
- Abanto-Zierbena
- Aduna
- Agurain
- Alegria-Dulantzi
- Amurrio
- Andoain
- Asparrena
- Astigarraga
- Azpeitia
- Balmaseda
- Barrika
- Barrundia
- Beasain
- Berango
- Burgelu-Elburgo
- Donemiliaga-San Millán
- Donostia-Donostia-San Sebastian
- Ermua
- Errenteria
- Gamiz-Fika
- Gordexola
- Hernani
- Irun
- Iruraiz-Gauna
- Legazpi
- Legutio
- Lemoiz
- Loiu
- Mungia
- Ordizia
- Santurtzi
- Sopela
- Sopuerta
- Urduliz
- Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea-Mancomunidad de Servicios de Uribe Kosta
- Urretxu
- Zumarraga
Etiquetas: Durango