Durangoko Azokaren Sormen Bekari esker animaziozko telesail bat ekoitzi du Marramiau sorkuntza taldeak
MUGA 10 URTE ZUREKIN
2023ko Sormen Beka DA! irabazi zuen Marramiau sorkuntza taldeak, eta gaur egin du emaitzaren aurkezpena, saria jaso eta urtebetera. Durangoko Azokak eta Durangoko Udalak ematen duten bekari esker animaziozko telesail bat ekoitzi du taldeak, eta haurrei zuzendurikoa izanik, Saguganbaran egin dute estreinaldia. Gero, ikus-entzunezkoa Irudienean ere eman dute bigarrren pase batean. Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz izeneko telesaila da.
Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbidek osatzen dute Marramiau. Hamar minutu inguruko sei kapitulu ditu telesailak, eta banaka zein jarraian ikus daitezke. Izenak ondo dioen bezala, bi munduren arteko zubia eraiki dute telesailean: Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutuko ditu Izeik, urteetan itxita egon den argi-zubi bat irekiko baitute, bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duena.
Marramiau sorkuntza taldea gainerako egunetan ere presente egongo da Durangoko Azokan. Izan ere, Landako Guneko erakusmahai batean, euren lanean oinarrituriko laminak eta bestelako produktuak eskainiko dituzte. Telesailaren irudi batzuk ere erakutsiko dituzte pantaila bidez.
Iazkoa aurkeztuta, aurtengo Sormen Bekaren irabazlea ezagutzera emango da igandean, 11:30ean Museoan egingo den prentsaurrekoan. 60. Durangoko Azokan erakutsi ahal izateko esku-hartze artistiko bat izango da saritua.
Azokak eztanda egin du
Atzo Ikasle Goizarekin hasi zen 59. edizioa, eta ikasle olatu bat etorri zen Euskal Herritik Durangora. Ikastetxe ugaritako milaka ikasle batu ziren euskal kulturarekin gozatzera. Gaur, bigarren egunean, kulturaren transmisioa lantzen jarraitu da, Gazte Eztandaren hirugarren edizioarekin. Egunean zehar gazteei bideratutako makina bat ekintza egon dira egitarauan, eta gauez kontzertuak ere bai Landako plazako karpan: Naxker, Nekktar eta Xaukena Xauk taldeekin.
Bihar, Basterretxeari esker ona
Aurkezpenez gainera, beste hainbat ekitaldiren bilgune da Durangoko Azoka. Bihar, nabarmentzekoa da Néstor Basterretxeari esker ona erakutsiko diola Gerediaga elkarteak. 10:30ean egingo da ekitaldi hori, Landako Guneko Talaian, areto nagusian. Ez da hori Basterretxeari azokan eskainiriko ekitaldi bakarra; izan ere, Museoan bere obra ikusgai dago, diseinu eta ilustrazio arloetan eginiko lana erakusten duena. Horri lotuta, Museoan bertan, 12:30ean, artistaren lanari buruzko hitzaldia eskainiko du Katrin Alberdik. Biharko bestelako jardunaldien artean, aipagarriak izan daitezke: hitanoa praktikatzeko Hikadromoa, 16:00etan Landako eskolan; Europako hizkuntza gutxituetako editoreen topaketa, 18:30ean, Museoan; Kurdua eta euskarari buruzko mahaingurua, 16:30ean Museoan, eta artista kurduen eta euskaldunen arteko musika emanaldia 22:30ean Ahotsenean.