Igandea,
2024ko Abenduak22

MugaKultura

loader-image
Durango
11:44 am,
temperature icon 12°C
Humidity 76 %
Ráfagas de viento: 49 Km/h

Amorebieta-Etxanok arrakastaz eta parte-hartze handiarekin itxi du Jan Alai 2.0 gastronomia lehiaketa

MUGA 10 URTE ZUREKIN

Amorebieta-Etxanok gaur eman dio amaiera Jan Alai 2.0 pintxo lehiaketari. Parte-hartze handia eta harrera ezin hobea izan du zornotzarrengan, baita bisitariengan ere eta herriko taberna zein jatetxeen sormena eta kalitatea jarri ditu beste behin balioan.

Guztira, 29 establezimenduk parte hartu dute azaroko asteburuetan ospatu den gastronomia lehiaketa honetan 30.000 pintxo salduz. Hilabetean zehar, establezimendu parte-hartzaileek euskal sukaldaritzaren ikur nagusietakoak diren patata-tortilla eta gilda pintxoen bertsioak aurkeztu dituzte. Taberna zein jatetxeei, ordea, askatasuna eman zaie errezeta hauek aberastu edota modu berritzailean aurkezteko, betienere, bi pintxo horien funtsezko osagaiak errespetatuz.

Lehiaketak helburu bikoitza bete du: Amorebieta-Etxanoko ostalaritza establezimenduetako kontsumoa dinamizatzea batetik eta zornotzarrei zein bisitariei esperientzia gastronomiko berriak eskaintzea, bestetik. Horrez gain, taberna eta jatetxeek udalerriko gizarte zein ekonomia bizitzan elkargune gisa duten garrantzia ere balioan jarri nahi izan da.

Jan Alai 2.0 lehiaketaren irabazleak

Ohiko moduan, Zelaietan Zentroan ospatutako sari banaketak eman dio amaiera gaur pintxo lehiaketari.

Jan Alai 2.0k 1.000 euroko bi sari nagusi izan ditu, patata-tortilla onenari bata eta gilda onenari bestea, biak epaimahai profesional bidez emandakoak. Epaimahai profesionala honako sukaldari eta aditu hauek osatu dute: Eneko Antolín, sukaldaria; Fede Novales, sukaldaritzako irakaslea; eta 2022ko marmitako lehiaketako irabazleak, Rosa Mari Zamalloa, Mari Feli Municha eta Sole Zarate.

Epaimahaiak Ipar Tabernaren Tortila pintxoa nabarmendu du, goxotasunagatik, formatua zaintzeagatik eta itxura konstantea mantentzeagatik, izan dugun bisita guztietan ez delako aldatu. Gildaren kasuan, epaimahaiak El Cojo jatetxea aukeratu du lehen sarirako, pintxoaren goxotasuna, elikagaien kalitatea eta berezia izateagatik.

Zornotzarrek pintxorik gustukoenak bozkatzeko aukera izan dute, eta herritarren bozketaren arabera, patata-tortilla pintxo onena Batzoki establezimenduak aurkeztutakoa izan da. Bigarren postua Boroak eskuratu du, hirugarrena Guriak eta laugarrena Ipar Tabernak.Gildaren pintxorik onenaren kategorian, aldiz, herritarren aukeraketa Antxeta by Taberu establezimenduaren pintxoak irabazi du. Bigarren sailkatua Singing izan da, hirugarrena El Cojo eta laugarrena Sukoi. Establezimendu irabazle bakoitzak 500 euroko saria jaso du.

Azkenik, 500 euroko hirugarren saria zozketatu da, azken hau bozka eman duten herritarren artean Iris Alvarez Zorrilla izan da irabazlea.

Amaitzeko, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman dizkie establezimendu parte-hartzaileei, baita herritarrei ere, lehiaketan izandako inplikazioagatik. Horrez gain, tokiko ostalaritzari  bultzada ematen jarraitzeko ekimenak sustatzeko konpromisoa berretsi du, taberna eta jatetxeek tradizio eta topagune gisa duten garrantzia azpimarratuz.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu