aitortzA minor bat
Itziar Castrillo
Hamahiru urterekin hasi nintzen saxoa jotzen, ordurarte solfeo eta gainerakoekin ibili nintzen instrumentuarekiko zirrara sentitu arte… ordutik nire bidelagun zintzoa da saxoa.
Erdi eta goi mailako ikasketak Getxon eta Bilbon hurrenez hurren amaituta, dozentziak ilusionatu eta esfortsuak eta zoriak Durangoko Musika Eskolara ekarri ninduten.
Jeanine Rueff, Paul Hindemith, Ryo Noda izan ziren lehenik… Darius Milhaud, Paul Creston eta Ibert etorri ziren gero… Heitor Villa-Lobos eta oroimenetik ihes egin didaten beste hainbat gerora…asko zor diot nire irakasleari, Alfonso Vilari,zorroztasunean goxo eta pasioz gidatu ninduelako hasiera hasieratik.
Klasikoa eta abangoardiako musikan eman nituen hamaika urte, partiturak ematen duen babesean, metronomoaren pultsoari segika, afinadorearen argi berdearen bila ekinean…
Gogoan ez dudan egun batean…Joshua Redmanen diska bat entzuten nengoela hainbestetan entzundako Parker, Coltrane eta Dexter Gordonen lenguai desberdinak erakarri ninduen…musikak askatzen zituela zirudien…hegaz egiten zutela…eta inprobisazioaren munduan
murgildu nintzen.Bapatean ortzimuga berri bat agertu zen nire begien aurrean…partituren babesa galduta,nire ahotik berba egin behar nuen orain,nik erabaki zer,non eta noiz esan eta zer beste momentu baterako utzi.
Ander Ertzillarekin armonia modernoko klasean bota nuen galdera ondo gogoan dut….»baina jazza egiten duten guztiek hau dena darabilte buruan?» akorde, progresio etabarrez gainezka zegoen arbelari begira. Iñaki Jaiorekin konbora salto egin nuen gerora… notak jotzea ez zen nahikoa…. sentitu behar ziren… groovea bilatu, errepikapenarekin gozatu, emozionatu… urteak aurrera Julen Izarra, Jose Gallardo, Abrahan de Roman eta Miguel Salvadorrekin nire bidetxoan aurrera nabil… nahiz eta ortzimuga hurrun ikusi, nahiz eta batzuetan aurrera egiteko kemena eta denbora falta izan, itsaso hau maite dut eta bere olatuetan gora eta behera nabil ilargiak markatzen nuen erritmora.
Pertsonala dena soziala denez niretzako… eta itsasargi sentitzen naizelako eta ez kapitain… nire esperientzia pertsonaletik abiatuta nire ikasleei klaseak atea itxita baina lehioa zabalik ematea gustoko dut. Musika hain denez itsaso zabala, ur handi zein txikietan, ur bizkor zein geldoetan, ur garden zein lokastuetan kulunkatzeko arraunak eskeintzea da nire helburua.
Bariku honetan Plateruenan ikasturte honetako azken Jam Sesiona antolatu dugu, Ertzetik Jazz Bandak zabalduko du emanaldia… Eskolako irakasleok gara partaideak,eta hemen artikuluari izena ematen dion aitortza minorra, tono minorrak emozionatzen nautelako sonaten bigarren denborak eta baladak bezala… niretzako ilusio haundia da halako lankide eta musikari bikainen ondoan nire burua ikustea eta alkarregaz Durang[h]ots gau berri bat doinuz argitzea.
Esteban Valcarcel tronpeta, Alfredo Sanz flauta, Jose Gallardo, Ander Ertzilla eta Itziar Castrillo saxoak, Mikel Nuñez pianoa, Alberto Madrid baxu eta kontrabaxua, Mikel Bikandi kitarra eta Iñaki Jaio baterian Plateruenan egongo gara bazatoz?