Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
7:17 am,
temperature icon 9°C
Humidity 90 %
Ráfagas de viento: 43 Km/h

Zinema emanaldiak, ipuin kontaketa saioak edota hitzaldiak eskainiko dira Amorebietako Azaroaren 25eko egitarauan

MUGA 10 URTE ZUREKIN

Datorren azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak ekintza egitarau zabala antolatu du azarorako. Ekintza horien helburu nagusia da gizartearen egungo arazo larrienetako baten inguruko hausnarketa sustatzea eta gaiarekiko herritarrak sentsibilizatu eta haien kontzientzia piztea ere.

“Zoritxarrez, genero-indarkeriak eguneroko errealitate izaten jarraitzen du emakume askorentzat, eta Udaletik egunez egun lan egiten dugu emakumeentzat gizarte berdinzaleagoa eta seguruagoa eraikitzeko. Horregatik, antolatutako egitarauak gizartea oro har eta bereziki herritarrak kontzientziatu, hezi eta emakumeen indarkeriaren aurka lana egiteko Udalaren konpromisoa berresten du, emakumeen aurkako indarkeria desagertarazteko borroka guztion ardura baita”, adierazi du Jon Artabek, Amorebieta-Etxanoko Udaleko berdintasun zinegotziak.

Hala, programak zornotzarrak sentsibilizatu eta herritarren artean genero-indarkeriari buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatzeko hainbat ekintza jasotzen ditu. Esate baterako, azaroaren 9an, “Emakumeak, gorputzak eta lurraldeak” topaketak emango dio hasiera ekintza egitarauari eta hilaren 13an, Zornotza Aretoan, 2023ko Urrezko Kontxa irabazi zuen “O Corno” filma eskainiko da. Azken honen kasuan, emakumeen aurkako indarkeriari, identitateari eta erresistentziari buruz hausnarketa sustatu nahi da zinemaren bitartez, ikusleentzat gai horiei buruzko elkarrizketa espazioa sortuz.

Emakumeak zientzian

Era berean, azaroaren 21ean “Berdintasunari buruzko diskurtsoak – Emakumeak zientzian” hitzaldia eskainiko da. Ekitaldi horretan, emakumeentzako eremu profesional guztietan oztopoak gainditzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu nahi da, horien artean zientzia arloan, emakumeen ikusgarritasuna txikia baita oraindik.

Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, adierazpen instituzionala egingo du Udalak, 12:00etan. Ekitaldi honetan, Amorebieta-Etxanok emakumeen eskubideak defendatzeko eta genero-indarkeria mota guztiak errotik ateratzeko duen konpromisoa berretsiko du.

Horrez gain, programak etxeko txikienentzako jarduerak ere jasotzen ditu, hala nola “Maite zaitudalako” ipuin-kontalariaren saioa. Ekintza egitaraua halaber, azaroaren 28an amaituko da, “Amorebieta-Etxanoko emakumeak bideak irekitzen” izeneko mahai-inguruarekin. Bertan, herriko emakumeek beren esperientziak eta erronkak partekatuko dituzte arlo profesional eta sozial ezberdinetan. Zelaieta Auditorioan egingo den ekitaldi honek, beraz, Amorebieta-Etxanoko emakumeen balioa eta gizarte berdinzaleago baterantz egiten duten ekarpena aitortzeko gunea eskainiko du.

Zelaietako erakusketa

Azaroaren 18tik 25era, halaber, “Hilekoaren osasuna, ez da soilik osasun kontua” izeneko erakusketa egongo da ikusgai Zelaieta Zentroan. Erakusketaren helburua  da  Sahara hegoaldeko herrialdeetako neska eta nerabeei hilekoak eta higiene-arazoak eragiten dizkieten arazoak azaleratzea. Izan ere, eskualde horretako komunitate askotan, neskek eskolari joateaz utzi behar diote hilekoa dutenean, higiene-produktuak eskuratzeko aukerarik ez dutelako eta tabuak eta sineskeriak nagusi direlako.

Azkenik, Artabek ardura eta erantzunkizun kolektiboari egin dio erreferentzia: “Genero-indarkeriaren aurkako borroka gizarte osoaren erronka da, eta erakundeek biktima guztiei baliabideak eta laguntza zein elkarrizketarako espazioak eskaintzeko ardura dugu. Aurten, antolatutako ekintzen bidez, erronka handi honi ikusgarritasun handiagoa emateaz gain, herritarrak ahaldundu nahi ditugu aldaketaren eragile aktibo izan daitezen. Emakumeen aurkako indarkeriak lekurik ez duen gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitu behar dugu eta hori lortzea guztion erantzukizuna da”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu