‘Tutto Opera’, Gehi Zazpi biolontxelo taldearen kontzertua ostiralean Bartolome Ertzilla Musika Eskolan
Bartolome Ertzilla Musika Eskola eta Kontserbatorioko Gehi Zazpi biolontxelo taldeak kontzertu berezia eskainiko du apirilaren 5ean bertako Aretoan. Tutto Opera deituriko kontzertu honetan, opera ezagunen zatiak interpretatuko dituzte, hala nola, Mozarten Txirula Magikoa, Bizeten Carmen eta Wagnerren Tannhäuser, besteak beste.
Talde berezi honentzat egindako musikaren egokitzapen guztiak Irati Ortubiak, biolontxeloko irakasleak, egin ditu.
Gehi Zapzi taldea proiektu pedagogiko bat bezala sortu zen orain dela 9 urte, eta oraingoan biolontxeloko ikasle berriekin dator. Taldea osatzen dutenak Aitziber Elizaran, Elene Etxebarria, Aintzane Raya, Sara Cimarro, Uxia Touza, Leire Berreteaga, Selma Youssoufi, Izaro Mayans eta Irati Ortubia dira.
Azpimarratzekoa da talde honetako partaideak beti izan direla emakumezkoak (12-45 urte bitartekoak). Proiektu honetarako beste ikasgai batzuetako ikasle batzuek ere parte hartuko dute (hauek ere emakumeak): Irene Goiri (txirula), Leire Rodriguez (klarinetea), Izaro Errasti eta Bidane Txopitea (ahotsak).
Kontzertua dohainik izango da eta 18:30etan hasiko da.