Euriaren edertasuna irudikatu dute Elorrioko Errebonbillo lehiaketako koadroek
MUGA 10 URTE ZUREKIN
Eguna euritsu etortzeak ez zituen herriko eta inguruetako margolariak beldurtu, eta 8 andrazko eta 21 gizonezko animatu ziren Iturrizoro elkartearen urteroko hitzordu artistikora.
Elizalde, plaza, Errekakalea, Iturrizoro edo Kanpokale bezalako ohiko eszenatokiei gehitu zitzaizkien Ganondotik eta Lekeriketatik bereizten diren ikuspegiak eta Udalaitz bezalako landa eremuko paisaia ederrak. Euria inspirazio iturri bihurtu zuten artistek, eta modu horretan distira, hezetasuna, euria bera edota argiaren iluntasuna ondo baino hobeto errepresentatu zituzten margolanetan.
Guzti-guztiak daude Iturri Kultur Etxeko erakusketa gelan ikusgai, azaroaren 15era arte, goizeko 9:30etik arratsaldeko 8ak arte.
Sari banaketari dagokionez, José Reyesen ‘Fachada’ lanak eskuratu zuen lehenengo saria. Leioar hau trokelgintzara dedikatzen da eta 30 urte daramatza margo lehiaketetan parte hartzen, eddozein teknika erabilita.
Bigarrena José Miguel Arranzen “Errekakalea”-k lortu zuen, eta hirugarrena, berriz, Esther Gutierrezen “Parra” lanak. Arranz Astrabuduakoa da eta 17 urte zituenean hasi zen margotzen; Elorrioko sariketara urtero etortzen da, hutsik egin gabe. Gutierrez, aldiz, Kantabriako Pedreña herritik etorri zen, teknika desberdinak erabiltzen ditu, eta txikitatik dabil margotzen.
Herriko margolari onenarentzako gordetako saria Roberto Urizarren ‘Eliza’ lanak irabazi du aurtengo edizioan. Lanean krokisak egiten zituen, eta margotzeko esku ona zeukanez, 1995tik dabil Elorrioko pintura eskolan.
Epaimahaiko buruak, Itsaso Basauri Kultura zinegotziak, sei aditu izan ditu aldamenean: hiru elorriar, bi durangar eta bergarar bat.
Iturrizoro Elkarteartea pozik agertu da bai partehartzeaz bai lanen kalitateaz. Bestetik, goraipatu nahi dute gazteak eta umeak hasi direla lehiaketara hurbiltzen. Azkenik, margolariek margoa lehortzerakoan izandako arazoei aurre egiteko erakutsitako pazientziari balioa eman diote.