Elorrioko txokoak artelan bihurtzeko hitzordua zapatuan
Errebonbillo aire zabaleko margo lehiaketaren XXXIV. edizioa ospatuko da zapatuan, hilak 26. Nahi duen guztiak hartu dezake parte, baina izena eman behar da horretarako: egunean bertan, goizeko 09:00etatik 10:00ak arte egongo da aukera, Iturri Kultur Etxean. Orduan zigilatuko dira oihalak zein paperak.
Gaiari dagokionez, partaideek aukeratutako herriko edozein leku da egokia. Lanaren neurria eta erabili beharreko teknika partaidearen esku daude. Hori bai, eguerdiko 14:30etarako aurkeztu beharko da koadroa. Materiala bakoitzak berea eraman beharko du.
Margolari parte hartzaileak Elorrioko elkarte gastronomiko batean bazkaltzera gonbidatuak izango dira lanak aurkeztu ostean. Arte plastikoetan adituak diren pertsonek osatuko dute epaimahaia eta lau sari banatuko dituzte. Lehenengo hiru irabazleek, 750, 600 eta 500 euroko sariak jasoko dituzte. Bestetik, herriko margolari onenari 150 euroko bonoa emango zaio. Sariak egunean bertan banatuko dira, 17:00etan, Iturri Kultur Etxean.
Lehiaketara aurkeztutako lanak, gainera, Iturri Kultur Etxean egongo dira ikusgai, hilaren 26tik azaroaren 15era arte. Erakusketa-aretoa irekita egongo da 09:30etik 20:00etara bitartean.