Gogoratu, bihartik igandera Dendak Bai-ren Durangoko 14. Aukera Azoka ospatuko da Landako Gunean
Martxoaren 8tik 10era, ostiraletik igandera, Durangoko 14. Aukera Azoka ospatuko da Landako Gunean. Durangaldeko Merkatari Elkarteak, Dendak Bai, antolatzen du bere osotasunean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren eta Durangoko Udalaren laguntzarekin.
Edizio honetan, Durango, Abadiño eta Iurretako 31 establezimenduk hartuko dute parte, hiru multzotan bereizita. Azokaren ardatz nagusia beheratutako prezioekin denboraldi honetako produktuak eta beste batzuetakoak eskainiko dituzten stand-ak osatuko dituzte. Guztira mota askotako 26 establezimendu izango dira: haurrentzako zein nagusientzako arropa, kirol dendak, oinetakoak, etxerako tresnak, kotxeak, optika, besteak beste.
Aurten ere gune gastronomiko bat egongo da, zeinek garrantzi handia izango duen. Hemen Gelati Gelati, Gozatu eta Saltsanek mota ezberdinetako gazi eta gozoak eskainiko dituzte. Urtero parte hartzen duten azken bi hauekin batera, zabaldu berri dagoen Gelati Gelati saltokiko foodtruck delakoa egongo da beraiek egindako izozkiak eta pizzak eskaintzen, artisauak hauek.
Gunean mahaiak eta aulkiak egongo dira, eta Cengotitak utzitako landareek gune honetako bisitariak kalean dagoen terraza batean egongo balira bezala sentiaraziko ditu. Gune honekin batera, erakustaldi toki bat jarriko da. Larunbatean, 12:00etan, gozogintza tailerra egongo da Gozatu gozotegiarekin eta 13:00etan ipuin-kontalaria ingelesez Kids&Us akademiarekin. Arratsaldean, aldiz, Folderrek 3D inprimaketa saioak eskainiko ditu. Igandean, 12:00etan, Arentzak argazkigintza tailer bat mugikorrarekin eskainiko du.
SARRERA DOAKOA · Aurreko urteetan bezala, sarrera doakoa izango da, eta erosketak egiten dituztenek 2 ordu dohainik izango dituzte Landako Guneko aparkalekuan. Horrez gain, erosketak egiten dituztenen artean, 500 euroko balioa duen bidai bat eta 100 euroko hiru deskontu txartel zozketatuko dira.
Txikientzat aisialdirako gune bat egongo da. Nagusiak erosketak egiten dituzten bitartean edo gune gastronomikoan erlaxatzen diren bitartean, umeak txikipark-ean egon ahal izango dira monitoreen zaintzapean. Horrez gain, aurpegiak margotuko dira asteburu osoan zehar.
Ordutegiari dagokionez, ostiral eta larunbatean azoka 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Igandean, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, ostiralean 19:00etarako antolatutako geldialdira batuko gara guztiok. Horrela egingo dugu merkataritza sektorean emakumearen rola gehiengoa delako, bai autonomo bezala zein langile bezala, eta ez dugu galdu nahi gizartean emakumeak duen garrantzia ikusarazteko aukera.
Dendak Bai elkarteak eskualde guztiko eta beste gune batzuetako jendea erakartzea espero du eta guztiak gonbidatzen ditu honetara, urtera ia 20.000 pertsona biltzen dituena.
Etiquetas: Dendak Bai, Durango, Feria de oportunidades