LEIRE VARGAS · “Nire liburu berriak besteekiko harremantzeko modua lantzen du”
JON BARAJA
MUGA EMAKUMEOK
2021ean ‘Dena ametsa den irudipena’ kaleratu ondoren, Leire Vargas Nieto (Durango, 2002) idazle eta poeta gazteak bere bigarren poema-bilduma argitaratu berri du: ‘Bihotz-museo bat’. Orain dela hiru urte idatzitakoarekin alderatuta, “orokorrean ariketa askoz kontzienteagoa izan dela uste dut”, adierazten du egileak.
Euskal letren plazan bere estreinaldia suposatu zuen ‘Dena ametsa den irudipena’ poema-bilduma arrakastatsuarekin harritu ondoren, Leire Vargas durangarrak bere bigarren liburua argitaratu berri du. ‘Bihotz-museo bat’ deituriko lan honetako 64 orrialdeetan bizi-gogoa eta esperientzia berrien kilika daude presente, baina baita harremanetan suertatzen diren urruntzeak eta zauriak ere, arrazoiaren eta emozioen arteko talka eta oreka joko neurritsu batean. “Besteekiko harremantzeko modua lantzen du”, nabarmendu dio Vargasek MUGA-ri.
“Subjektu poetikoak etengabe dago bilatzen beste batengan berak ustez dituen hutsuneak betetzea. Boterea eman dio besteari, bere esentzia kenduz, eta konturatzen da hori ez dela benetan nahi duen harreman eredua, nahiz eta sistemak eta Disney maitasun erromantikoaren mitoak horretara eramaten gaituen. Orduan, beste noranzko bat hartzen saiatzen da, horizontalagoak diren harremanei tiraka eta bizitza modu kolektiboagan ulertzen”, azatzen du idazleak.
«POZIK NAGO»
2021ean ekin zion ‘Bihotz-museo bat’ idazteari eta pasa den astean zehar heldu zen liburu-dendetara. Egun batzuk baino ez daramatza salgai, baina “eskuratu dutenek nahiko gustoko dutela dirudi”. “Beraz, momentuz pozik nago”, onartzen du Itzulpengintza eta Interpretazio karrera bukatzen ari den durangar gazteak.
Bere aurreko liburuarekin alderatuta, “ziur antzekotasunak daudela, ni izaten jarraitzen naizelako eta erreferentzia asko partekatzen ditudalako duela lau urteko niarekin, baina egia da askoz modu kontzienteagoan egin dudala”, azaltzen du Vargasek. “Aurrekoan poemak nahiko narratiboak ziren eta horrek presente jarraitzen du, baina oraingoan askoz soilagoak direla esango nuke. Ahalik eta gutxien esanda ahalik eta gehien helarazten saiatu naiz”, gehitzen du antzerki eta bertsolaritza arloetan ere eskarmentua duen idazleak.