Elorrioko Santa Anako gurutzeari egindako errestaurazio-lanak bukatuta
Uztaila eta abuztua bitartean, mantentze-lanak egin dizkiote Santa Ana komentuaren pareko gurutzeari. Errestaurazio lanak beharrezkoak dira XVI. mendeko ikur errenazentista hauek ez hondatzeko, Elorrioren ondare aberatsaren parte baitira.
Hala, Petra zaharberritze enpresaren gidaritzapean, artelanetan erabili ohi den biozida berezi bat aplikatu dute, kolonizazio begetala garbitzeko. Udal Brigadako langileek, bestalde, gurutzearen gaineko zuhaitz adarrak kendu dituzte.
Garbiketa lanen ostean, harriaren gainean kareazko morteroa aplikatu dute, monumentuan ura sar ez dadin. Amaitzeko, artelanetan erabiltzen den babesgarri bat gehitu diote, aurrerantzean kolonizazio begetala eta uraren kalteak murrizteko.
Elorrion estilo errenazentistako bederatzi gurutze daude orotora, EAEko inbentarioan bilduta dauden gurutzeen %10. XVI. Mendean eraikiak, izurrite baten aurrean osasunhesi gisa erabiltzeko funtzioa betetzen zutela uste da, baita harresitik kanpora irteten ziren bidaiarientzako debozio-euskarri moduan ere.